Lakuntzan eta Arbizun hasi da Mank ur-kontagailuak aldatzen

Guaixe 2012ko otsailaren 13a

Lanak doakoak dira eta Sakanako Mankomunitateak ordainduko du denaSakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzu integralaren barruan daude Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia. Herri horietako 4.500 etxe eta eraikinetako ur kontagailuak aldatzen hasi da gaur Sakanako Mankomunitateak, hiru hilabete dituzte lanak despeditzeko. 430.000 euroko inbertsioa egin du Sakanako Mankomunitateak. Ibarreko erakundeko kudeatzaile Adolfo Araizek azaldu digunez, herri horietako etxe eta portale guztietan ohar edo bandoak jarriko dira, aldaketaren berri emanez. Araizek zehaztu digunez "Gomez Contadores de Agua SL enpresako iturginak joanen dira aldaketa egitera. Behar bezala identifikatuta joanen dira". Mankomunitateko kudeatzaileak azaldu digunez, etxe-jabeendako ur-kontagailu aldaketak ez du inolako kosturik izanen. Ur-kontagailuak bizi iraupen mugatua dutela jakinarazi digu Araizek: "10 urte, gero arazoak ematen hasten dira". Astelehenetik aurrera Sakanako 7 herrietan jarriko diren kontagailu berriek ur kontsumoaren berri irrati bidez emanen dute. Hala, Sakanako Mankomunitateko auto bat herrietatik ibili eta ordenagailu batean jasoko ditu datuak. Horretaz gain, kontagailu berriek, ezohiko kontsumoen berri ematen dute, baita ihes, matxura edota iruzur saiakeren berri ere.