Mikro-ipuin lehiaketak sari berria utzi du Sakanan. Euskara Kultur Elkargoak eta Pamiela argitaletxeak antolatutako lehiaketaren 6. edizioan, aipamen berezia jaso du Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako Amets Artieda Diazek. 10 urteko etxarriarrak (LHko 5. maila) LHko kategorian parte hartu du Nire etxe ondoko zarata ipuinarekin. Lehiaketako sariak Nafarroa osora joan dira.Aurreko edizioetan ere, Mikro-ipuin lehiaketak zenbait sari utzi ditu Sakanan. Joan zen urtean, Iturmendiko Arrano Beltza ikastetxeko Aaron Arbizuk irabazi zuen LHko sari nagusia. Gainera, Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxeko ikasle Munia El Marhoumek eta Cristina Añazcok aipamen berezia jaso zuten. IV. Edizioan, berriz, Oier Larunbe lakuntzarra nagusitu zen. Parte hartze handiaMikro-ipuin lehiaketaren arrakasta Nafarroa osora zabaltzen da. Aurten herrialde osoko 1.378 ipuin jaso dituzte. Joan zen urtean baino 300 bat lan gutxiago dira, antolatzaileen ustez "ikastetxeek lehen aukeraketa bat" egin dutelako. Ondorioz, lanen kalitatea benetan ona da. Nafarroako 68 ikastetxek parte hartu dute lehiaketan, joan zen urtean baino 15 gehiagok. Interesgarria da Vascuencearen legeak bereizten dituen hiru eremuetako ikastetxeek parte hartu dutela: eremu erdalduneko 11k, eremu mistoko 29k eta eremu euskalduneko 28k.Parte-hartzaileen artean Sakanako zenbait ikastetxe daude: Altsasuko Zelandi ikastetxea, Urdiaingo herri eskola, Iturmendiko Arrano Beltza ikastetxea, Etxarri Aranazko San Donato ikastetxea eta Andra Mari ikastola eta Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxea. LehiaketaEuskara Kultur Elkargoak eta Pamiela argitaletxeak antolatutako lehiaketa Nafarroako ikastetxeetako LHko eta DBHko ikasleei zuzenduta dago. Aipagarria da aurten, lehen aldiz, lekua egin zaiela A ereduko ikasleei. Lehiaketak euskaraz idatzitako ipuin onenak saritzen ditu. Berezitasuna ipuinen luzeran dago: gehienez 100 hitz (12 lerro) izan behar dituzte. Epaimahaia Aingeru Epaltza idazleak, Inma Errea idazle eta itzultzaileak, Angel Erro idazleak eta Toño Muro irakasle eta ikertzaileak osatu dute. "Lanen kopurua" eta "kalitate gero eta handiagoa" nabarmendu zuten.Sarituak mikro-libururaVI. Mikro-ipuin lehiaketan saritutako lanak eta aipamen berezia jaso dutenak Mikro-liburu batean jasoko dituzte. Sari banaketa ekitaldian parte hartuko duen Gorka Urbizuk ere ekarpena eginen du. Liburua XI. Iruñeko Liburu Azokan aurkeztuko da.