Couchsurfing

Guaixe 2012ko otsailaren 17a

Aspaldi ezagutu nuen couchsurfing fenomenoa, baina egia esan 2011ko uda pasa zen arte ez nion jaramon handiegirik egin. Laburbilduz, etxeko sofa lotarako uzteko sare sozial bat da, bidaiariei laguntzeko sistema bat. Baina hori laburbilduz da, azalpen luzeagoa ere merezi duelako.Cairon izan zen, abuztuan. Pension Roma izeneko pentsioan genuen lotarako lekua eta egia esan giroa oso ona zen leku horretan. Egongelan geunden, bi euskaldun, frantziar bat, kanadiar bat, estatubatuar bat eta alemaniar bat. Horrela hasi zen txistea, gutxi gora behera. Frantziarrak ia urtebete zeraman bizikletan Mediterraneoko estatu guztiak zeharkatzen. Interesa piztu zitzaigun eta abentura kontatzeko eskatu genion, noski. Eta abentura luzea zen, itxura onekoa eta bizitza guztirako gordea izango duzuna. Momentu batean galdetu genion ea nola lortu duen urtebete lanik egin gabe eta bidaiatzen egoteko dirua, eta bere erantzuna ere argia izan zen: bizikletan gastu gutxi eta lo egiteko CouchSurfinga erabiltzen zuela ahal zuen gehienetan.Etxera bueltan izena eman nuen sare horretan eta oraindik bidaiarik egin ez dudan arren jaso ditut hainbat etxean: Poloniatik Madrilera motorrean zihoan poloniar bikote bat; bizikletan Bilbotik Debara egun bakar batean egin nahi zuen Brasilgo turista bat; Fotonika ikasten zuten Argentina eta Granadako bi ikaskide; hotzetik ihes edo hotzarekin batera etorri ziren bi varsoviar... eta hurrengo asteetarako ere eskari batzuk baditut, guztiak, antza, istorio batekin atzetik.Bidaiatzeko modu bitxia da, konfiantzan oinarritzen dena eta kultura eta jarrera ezberdinen nahastean. Askotan gehiago ikasten delako bertako batekin egonda gidarik onenarekin baino. Brasildarrak azkar ikasi zuen Zumaiako flyscha ikusi nahi bazuen hobe zuela BizkaiBus bat hartzea Bilbotik Gernikara. Varsoviarrek ere egun osoa eman nahi zuten Gernikan, baina hobe zuten Bermeo ere txangoan sartzea... gomendio horiek dira nik ere atzerrira noanean jaso nahi ditudanak, bertakoen ahotsa. Eta horrek bultzatu ninduen couchsurfing.com sarean izena eman eta katibitatea izatera.Badira bertan sakandarrak, gutxi hala ere. Suposatzen dut Sakana ez dagoela destino turistiko nagusien artean. Baina badira sakandarrak mundu osoan zehar barreiatuak eta horietako batzuek euren etxea ere uzten dute. Bidaian daudenak ere badira, asteak etxe batetik bestera igaro dutenak.Martxoaren erdialdean mundu osoko couchsurfing komunitateak deialdia du Bilbon. Bertan txangoak, gastronomia, kultura... trukatzeko aukera dago eta dagoeneko 250 pertsona inguruk hartuko dute parte, ez dakit zenbat herrialdetakoak. Kultura berri bat eta bidaiatzeko modu ezberdin bat ikusiko da egun horietan Bilbon.Galder Gonzalez Larrañaga