Agur Santa Agedak, ongi etorri ihoteak

Guaixe 2012ko otsailaren 17a

Joan da Santa Ageda eta, horrekin batera, burundarren kintoen ospakizunak. Bakaikuar, urdindar, altsasuar eta olaztiarrek mustu zituzten ospakizunak duela bi aste. Iturmendiarrek eta ziordiarrek segida eman zieten pasa den asteburuan. Nobedade moduan, aipagarria da Altsasuko kintada batek Gure Etxea eraikineko etxabean egin zuen bazkaria. Krisi egoera kontuan izanik, Altsasuko Udalak kintadei udal eraikinak eskaini zizkien han bazkaltzeko. Ordurako kintada gehienek bazkaltzeko lekua hartua zuten. 2008koek bakarrik erakutsi zuten interesa. Autobusa hartu beharrik gabe, 40 bat lagunek Gure Etxean bazkaldu zuten. Gau aldera, Altsasu bertako eta inguruko herrietako kintaden bilgune izan zen. Asteburu honetan aranaztarrek hartuko dute lekukoa. Uhartearrak izan ziren goiztiarrenak eta atzo murgildu ziren jai giroan. Arbizuarrek gaur emanen diete hasiera bost eguneko ospakizun luzeei. Etxarriarrek eta lakuntzarrek, berriz, ihote bezperan eta astearte-ihotean dituzte ospakizun nagusiak.Uharte ArakilHiru egun etxetik kanpoUharteko kintoak atzo murgildu ziren jai giroan. Aurten 10 lagun elkartuko dira, 5 neska eta 5 mutil: Edurne Oteiza, Sonia Iribarren, Itziar Gorriti, Amaia Andueza, Andoni Andueza, Mikel Irigoien, Angel Fernandez, Aitor Gorriti, Julen Sastre eta Ainhoa Razkin. Azken horrek hiru eguneko planen berri eman zuen Beleixe irratian (FM 107.3): "egunero etxez etxe ibiltzen gara dirua eta jatekoak eskatzen, trikitixa eta panderoaren laguntzarekin". Etxekoei ez die balio lotan zeudelako aitzakiak, kintoek bonbo bat erosten baitute, "harekin ibiltzen gara, herritarrak esnatzen" dio Ainhoak. Herriko fabrikak eta eskola era bisitatuko dituzte. Uharteko kintoek etxetik kanpo egiten dituzte kinto egunetako ospakizun guztiak. Herriko hiru jatetxeetan gosaldu, bazkaldu eta afaltzen dute, eta udaletxeak utzitako eraikin batean egiten dute lo. Eskean ateratakoarekin hiru egun horietako gastuak kitatuko dituzte. Kinto ospakizunek herri-ihoteekin bat eginen dute larunbatean. Ordurako prest egongo dira kintoak. Izan ere, hiru egunetan etxeko arropa zaharrak eramanen dituzte soinean: "aminaren arropak, arropa zaharrak, beroki handiak...". Larunbatean herriko beste hainbat kintada bilduko da afaltzera.ArbizuOspakizun luzeenakArbizuko kintoek bost jai egun dituzte aurretik. Ariane Intsaustik Beleixe irratian (FM 107.3) azaldu zuenez, aurten 11 kinto dira: Sara Lizarraga, Nahia Urkia, Oihan Razkin, Manex Intsausti, Jon Iriarte, Joan Flores, Maria Maiza, Ariane Intsausti, Asier Reparaz eta Tania eta Julia Argiñano (azken biak iruindarrak). Gaur emanen diete hasiera kintotako ospakizunei, afariarekin. Sanjuanetako blusarekin aterako dira kalera, "festak ere kintoekin ospatzen ditugu eta" azaldu digu Arianek. 18 urteko gazteek Itxurabaiek izena hartu dute eta blusa gorri loreduna prestatu dute. Larunbatean mozorro eguneko ospakizunekin bat eginen dute kintoek. Desfilean eta herri bazkarian parte hartuko dute, eta gaua ordu txikitaraino luzatuko dute. Igande goizean eskean ibiliko dira kintoak, eta ondoren, mahaiaren inguruan bilduko dira, bazkaltzera eta afaltzera. Beste horrenbeste eginen dute astelehenean. Gauean, hurrenez hurren, Lizarrarako eta Tolosarako bideak hartuko dituzte.Astearte arratsaldean herri ihoteetako jarduerak prestatzen lagunduko dute kintoek: "arratsaldean umeendako jolasak eta txokolatea presatuko ditugu" esan digu Arianek. Aittune haundiya eta Amiñ txikia erre ondoren, kintoek herritarrendako afaria prestatuko dute.  Bost egunez kintoek festa eta auzolana partekatuko dituzte, "egunero goizter jaiki beharko gara behintzat" dio Arianek. Azterketen ondoren, nekatuta iritsiko badira ere, kinto ospakizunez gozatzeko gogoz daude, bizitzan behin dira eta.Etxarri AranatzGizakundetik astearte-ihoteraEtxarri Aranazko kintoek Gizakunde, Andrekunde eta Garikunde egunetan berotu dituzte motorrak. Hiru ostegunetan txatarras jantzita atera dira kalera, batean mutilak, bestean neskak eta, azkenik, atzo, denak batera. Zakua soinean eta aurpegia zapi batez tapatuta zeramatela, eskean eta haurrak izutzen ibili ziren. Afariarekin agurtu zituzten ospakizunak. Azterketa garaian daudenez, nahi baino gutxiago elkartu dira ostegunetan, baina astelehen eta astearterako indarrak gorde dituzte.Kintoen egun nagusiak datorren astean etorriko dira. Oier Huizik Etxarriko kintoen berri eman zuen Beleixe irratian (FM 107.3). 20 kinto dira: Iñigo Arratibel, Koldo Murgiondo, Iker Etxeberria, Adur Lasa, Jon Igoa, Oihan Larraza, Kimetz Garde, Oier Huizi, Oihane Mayo, Oihane Kintana, Laida Agirre, Sabiñe Arakama, Udane Agirre, Illamilé Basabe, Xochitl Karasatorre, Naroa Araña, Alberto Garziandia, Laida Artola eta Nerea Unanua. Guztiak afaltzera bilduko dira astelehen gauean. Ondoren, kinto zaharrekin, aurten 19 urte betetzen dituztenekin batera, Tolosara joanen dira. "Denera 40 inguru izanen gara" esan digu Oierrek. "Tolosan parranda handia egiten omen da. Ikusiko du" adierazi du gogotsu irratian. Astelehenean baserritarrez jantzita aterako dira kintoak. Asteartean, berriz, Tolosatik bueltan, zinta koloretsuzko txanoa ere jantziko dute. "Oraindik egiteko dugu. Ea aste honetan bukatzen dugun" aipatu du Oierrek. Gosaldu ondoren, musika lagun, eskean ibiliko dira etxez etxe. Bazkal ostean ihote giroan murgilduko dira herritarrekin batera.Lakuntza Astearte-ihotea bustitaLakuntzako kinto gazteek eta kintoek bat eginen dute datorren astelehenean eta asteartean. 15 bat lagun bilduko dira: Saioa Galartza, Ibai Lanz, Eider Razkin, Aitana de Miguel, Pablo Cabezudo, Asier Arregi, Eguzki Lopetegi, Iñaki Hernandez, Ibon Arregi, Oihane Lizarraga, Iban Turunbai, Angel Fernandez, Irati Pellejero eta Iraitz Berastegi. Haien artean arbazur bat (Ibai Lanz) eta uhartear bat (Angel Fernandez) ageri dira, baina gainerakoak Lakuntzakoak dira.Iraitz Berastegik Beleixe irratian (FM 107.3) azaldu zuenez, astelehenean hasiko dituzte kinto ospakizunak, goizean goiz: "10:00ak aldera plazara aterako gara baserritarrez jantzita, eta etxez etxe eta fabriketan diru eskean ibiliko gara bazkal garaira arte" azaldu digu. Lagun Artean bazkalduko dute indarrak berreskuratzeko, baina kafearen ondoren, atzera ere, kalera aterako dira. Trikitilariekin batera etxez etxe ibiliko dira. "Jendea ongi portatzen da" aurreratu du Iraitzek. Ea aurten ere horrela den. Egun guztia batetik bestera egin ondoren, gauean merezitako afaria izanen dute Sorgiñak tabernan. Ondoren, arbizuarrekin batera Tolosara joanen dira autobusean. "Bien artean merkeago ateratzen zaigu" azaldu du Iraitzek. Atsedenerako denbora handirik gabe, astearte goizean, atzera ere, 10:00ak aldera dute hitzordua. Goizean eta arratsaldean eskean ibiliko dira etxez etxe. Tartean, Tximonenan bazkalduko dute. Zatamarroen ondoren, afaria etorriko da, baina eguna ez da horrekin bukatuko: "afalostean Etxarrira edo Altsasura joanen gara" dio Iraitzek.