Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Francisco Perez artzapezpikua Aralarko santutegian izan zen. Mikel Garziandia kaperauarekin eta Jesus Sotil laguntzailearekin batera meza eman zuen. Artzapezak bisita baliatu zuen santutegian egindako azken lanak bedeinkatzeko. Izan ere, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei santutegirako sarbidea errazteko arranpak jarri dituzte tenpluan. Lau dira. Aurrena, sarbideko pasabidean dago. Bigarrena, tenpluko nartex edo ezkaratzean dago. Hurrengo biak santutegiaren barruan, nabearen eskuin aldean, ia sakristiarainoko sarbidea emanez. Lakuntzako zurgindegi batek egin ditu arranpak. 20.000 euroko aurrekontua izan dute eta fededunen ekarpenekin ordainduko dira. Irisgarritasuna errazteko 2010ean santutegirako eskaileren ordezko den bidexka bat prestatu zuten. Aurrera begira museo bat eta bilerak egiteko gela txiki bat egokitu nahi dituzte santutegian. Bitartean, ur biltegia aldatzeko egindako inbertsioa, 55.000 euro, mailegu bidez ordaintzen ari dira kudeatzaileak.