Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskara ikasten ari direnek hizkuntza praktikatzeko programa da Mintzakide, euskaldunak eta euskaldun berriak biltzen dituena. Sakanan AEK da programa kudeatzen duena, Mankomunitatearen eta euskara taldeen laguntzaz. Astean, ordu batez bildu eta gustuko ekintza eginez euskara praktikatzea da bilatzen duena programak. Mintzakideko ibarreko arduradun Idoia Artiedak jakinarazi digunez, gaur egun hiru talde daude Sakanan. Irurtzunen ostiraletan biltzen dira zazpi pertsona. 17:00etan dute hitzordua, Pikuxarren. Etxarri Aranatzen, ostiraletan, 15:30ean, dute hitzordua estalopean. Han bildu eta zer egin erabakitzen dute. Eguraldi onarekin paseatzera joaten dira, baina neguan, taberna batean biltzen dira hitz egitera. Altsasun, 10 lagun biltzen ziren ostegunero. Artiedak azaldu digunez, lasai hizketan aritzeko jende gehiegi zelako taldea bitan banatu dute. "Orain astearte eta ostegunetan biltzen dira, 17:00etan, Las Vegasen". Aldaketa aste honetan egin da, proba moduan. Egun batean ezin duenak beste batean joateko aukera izanen du. AukeranMintzakideko Sakanako arduradunak esan digunez, euskara ikasten ari eta praktikatu nahi duenak, edo euskaldun berriei lagundu nahi dien euskaldunak eman dezake izena programan. Zenbait herrietan eskaerak izan dituzte, baina ez da talderik sortu. "Inor animatuz gero, aukera legoke beste herrietan ere taldeak sortzeko. Astean ordu bat besterik ez da". Lakuntzan eta Urdiainen taldeak osatzeko jendea behar dela jakinarazi digu. Parte hartzeko:sakana_mintza@aek.org edo 948 468 258. Bestela, Itsasi AEK euskaltegia, Gartzia Ximenez 44, 1, Altsasu.