Langabeziaren aurkako elkarretaratzea

Guaixe 2012ko otsailaren 17a

Nafarroako langabetu kopuruak 50.000 pertsonen muga gainditu du (1.711 Sakanan). LAB sindikatuaren iritziz, "langileak ez gara geldi egon arazo larri honen aurrean, eta egoera horretan dauden kideei babesa eta elkartasuna adierazi behar diegu". Hori dela eta, Nafarroako langileei dei egin die gaur, otsailaren 17an "langabeziaren kontrako kontzentrazioa egitera". Sakanako bilkura 19:30ean eginen da Enplegu Bulegoaren aurrean. LABek salatzen duenez, "langabezia patronalaren diru-gosearen ondorio da, baita UPN eta PSNren Gobernuak hartutako erabakien ondorio ere. EREak sinatuz edo murrizketak aplikatuz, langabezia areagotu egin dute bi alderdi horiek". Sindikatu abertzaleak adierazi du egoera "hitzez eta ekintzez" salatzeko garaia dela. Gizon eta emakume guztiendako lan duina eskatzen dute: "lana eta ondasuna banatu dadila". Hori izanen da gaur arratsaldeko kontzentrazioen lema nagusia. Bilkurak sinadurarik gabe joanen direla iragarri dute.