PPk aurki beteko ditu hutsik dituen lau zinegotzi postuak

Guaixe 2012ko otsailaren 17a

Iazko maiatzeko udal hauteskundeen ondoren osatu ziren udaletan lau zinegotzi aulki hutsik gelditu ziren, PPrenak. Zortzi hilabeteren ondoren, badirudi alderdi popularreko zinegotziak Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Olatzagutiako udaletxeetara agertuko direla. Hauteskunde Junta Zentralean alderdiko lau pertsonen izenak eman ditu PPk eta erantzuna jaso bezain laster lanean hastea nahi dute. Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Olatzagutian alderdi popularrak aurkeztutako zerrendetako kideek kargua hartzeari uko egin zioten. Hiru udaletan azaldu digutenez, ez dituzte zerrendetako kide guztien uko egiteak. Zinegotzi berriakPopularrek alderdiko boluntarioekin beteko dituzte lau zinegotzi postuak. PPk lau karguak betetzeko baldintza jarri zien boluntarioei, Nafarroan bizitzea. 9 hilabeteren buruan popularrek karguak beteko dituzte, beraz. Uharte Arakilgo Udalean (Bildu 5) popularren aulkiak Jesus Gonzalez Gonzalezek eta Jose Ramon Roman Rivasek beteko dituzte. Aurrenekoa udal hauteskundeetan PPko Irurtzungo alkate-gaia izan zen eta Betelun alkate izandakoa da. Roman, berriz, Iruñean ikasten ari den almeriarra. Etxarri Aranazko Udalean (Bildu 7 eta NaBai 3) zinegotzi popularra Juan Antonio Extremera Apeztegia izanen da. Berriobeitiko PPren zerrendan 13. izan zen azken udal hauteskundeetan. Azkenik, Olatzagutiako Udalean (Bildu 5 eta PSN 3) PPko ordezkaria Oscar Alvarez Peon izanen da. Udal hauteskundeetan PPren Lekunberriko alkate-gaia izan zen. PP SakananUdal hauteskundeetan aurreneko aldiz aurkeztu zen PP iaz, Irurtzun, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutia. 683 boto eskuratu zituen (%7,86). Irurtzunen ez beste udal guztietan lortu zuten ordezkaritza popularrek, 5 zinegotzi. Baina Altsasukoak besterik ez zuen kargua hartu, Francesc Parisek.