Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak hidrokarburoen inguruko ikerketa egiteko baimena eman dio Frontera Energy Corporation, SL enpresari. Helburua, hidrokarburo putzuak opatzea. Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa hartzen duen lur eremuan eginen du ikerketa aipatu enpresak. Guztira 102.884,3 hektarea ditu eta Sakana barnean hartzen du. Eremua Pegaso izenarekin bataiatua dago. Ohiko petrolio eta gas hobiak agortzen ari dira eta, horrekin batera, erregai horien eskaera handitu egin da. Horrek energia enpresak hobi berriak bilatzera bulkatu ditu. Bilaketa horiek iristeko zailagoak diren tokietan edo erregaia ateratzeko zailagoa den tokietan egiten ari dira. Halakoetan gasa ateratzeko erabiltzen den teknikak piztu du ekologisten kezka. Nondik dator gasa?Aspaldi Sakana itsaso azpian zegoen. Area, buztina eta mikro-partikula organikoak zeuden. Azken horiek buztinaren partikulen artean sartu ziren eta milioika urteko presio eta beroaren ondorioz hidrokarburo bihurtu ziren. Buztin geruzaren barruan mantentzen dira, poro txiki-txikietan, gas tanten moduan. Hainbat tokitan gasa buztinetik edo haitzetik atera eta presioaren ondorioz mugitu egin da. Gas horrek geruza iragazgaitz batekin topo egiten duenean, lurpean pilatu egiten da, gas putzua bihurtuz. Ohiko gas zundaketa batekin atera daiteke gas hori. FrackingaGasa buztinetik gutxi mugitzen denean, hura ateratzeko ezohiko teknika erabiltzen da: haustura hidraulikoa edo fracking delakoa. Amerikako Estatu Batuetan garatutako teknika da. Lehenengo eta behin, 5.000 metrora arteko zulo bertikala egiten da. Horren ondoren, horizontalean zulatzen segitzen da, 2 eta 5 km arteko luzeran. Lan horiek despeditu ondoren, presio handian ura eta harea nahastuta sartzen da (%98). Horrekin batera, hainbat gehigarri kimiko (%2) sartzen dira. Teknika horrek haitza edo buztina hautsi eta gasa askatzen du, punpen bidez lurzorura igoaraziz. Prozesua haitz zain guztian errepikatzen da. Sartzen den nahasketa horren zati bat azalera itzultzen da (%15-85 artean). Ateratzen dena berrerabili edo baltsetan jasotzen da gerora tratatua izateko.KezkaEkologistak Martxan taldeko Txemi Perez de Eulatek esan digunez, gasa askatzeko erabiltzen diren gai kimikoak, "legalki, sekretuak dira". Gai kimiko horien zati handi bat lurpean gelditzen dela gogorarazi digu, "eta horrela akuiferoak kutsatu daitezke". Beste arrisku bat buztinean egon daitezkeen bestelako gai kutsakorrak askatzea litzatekeela azaldu digu Perez de Eulatek. Haustura hidraulikoak askatutako gas batzuk berez gora egin eta negutegi efektua areagotzeko aukera dagoela ere nabarmendu du. Ameriketako Estatu Batuetan garatu den teknika da frackinga. Perez de Eulatek esan digunez, "tamaina handiko kalte ekologikoak sorrarazi ditu eta makina bat salaketa izan dira. Horretaz gain, hainbat pertsonen osasunari eragin dio". Euskal Autonomi Elkarteak teknika hori erabiltzea baimendu du berriki. Ekologistak Martxan taldeko kidearen iritziz, "gasa ateratzeko lur-azpia pozoitzea ez da ez egokia, ez jasangarria". Energia berriztagarriei bulkada eman behar zaiela azpimarratu du. "Energia berriztagarriak sustatzea ez da bateragarria erregai fosilen eta nuklearraren ustiapen eta erabilerarekin". Espainiako Gobernua, bai oraingoa bai aurrekoa, jasangarritasunaren kontrako neurriak hartzen ari da. Natur parkean, ustez, ezinNafarroako Gobernuak iazko irailaren 7an erabaki zuen Urbasa-Andia natur parkeko Baliabideak Antolatzeko Plana aldatzea. Aldaketarekin hainbat debeku jarri ziren, horien artean parke eolikoak eta bestelako energia-ustiategiak jartzea edota hidrokarburoak erauztea.Azalera koordenatuak1 42º 55´ 00" N 2º 15'' 00" W2 42º 55'' 00" N 1º 35'' 00" W3 42º 45'' 00" N 1º 35'' 00" W4 42º 45'' 00" N 2º 15'' 00" W5 42º 46'' 00" N 2º 15'' 00" W6 42º 46'' 00" N 2º 17'' 00" W7 42º 50'' 00" N 2º 17'' 00" W8 42º 50'' 00" N 2º 15'' 00" WInformazio gehiagohttp://frackingezaraba.org/eu/ http://www.ecologistasenaccion.org/article7910.html http://fracturahidraulicano.wordpress.com/