Bilixkorriko taldekako bertso txapelketako bigarren fasera

Guaixe 2012ko otsailaren 20a

Asteburuan erabaki da Nafarroako taldekako bertso txapelketako lehen fasea. Emozioa azken unera arte mantendu da. Sakanako bertsolari eta ordezkariek osatutako zenbait taldek zuten aurrera egiteko aukera, baina azkenean, bakarrak lortu du erronka: Bilixkorriko taldeak. Joxema Leitzaren taldeak garaipena lortu zuen, baina puntuazioak bigarren faserako txartelik gabe utzi du. Hautsi eta barratu eta Mailope taldeek, berriz, ez dute punturik lortu, eta hortaz, txapelketatik kanpo geratu dira. Aurrerantzean, ikusleen aulkitik jarraitu beharko dute Nafarroako taldekako txapelketa. Asteburuak utzitakoaLehen saioa irabazi ondoren, Etxarriko Bilixkorriko taldeak aurrera egiteko aukera handiak zituen. Larunbatean, Iruñeko Arrano elkartean, bigarren faserako txartela lortu zuen Dizerdit taldea mendean hartuta. Iruñean lehiatu arren, etxarriarrek etxekoen babesa izan zuten. Bertso afarian berotu zituzten motorrak. Ondoren, bertso saioa etorri zen. Joseba Beltzak, Eneko Lazkozek eta Alain Iriartek, Mikel Mundiñanoren trikitixa lagun zutela, mexikar doinuekin ireki zuten lehiaketa, ikusleak bereganatuz. Dizerdit taldeko Xabier Silveirak, Ekaitz Astizek eta Aitor Irazuk rap erritmoarekin erantzun zuten, etxarriarrak izutuz. Saioak bertso ederrak utzi zituen. Aipagarriak dira Bolik eta Xabier Silveirak bota zituzten ale bikainak. Orokorrean sakandarrak gainetik ibili ziren eta, horri esker, bigarren puntua lortu zuten. Leitza eta leitzarrak taldeak saio ederra egin zuen Leitzako Aurrera elkartean, etxeko 40 bat lagunen babesak lagunduta. Joxema Leitzak, Jose Luis Barberiak eta Mikel Azpirozek lehen puntua lortu zuten Malerrekako Jituk taldearen aurka, baina garaipena ez zen nahikoa izan. D multzoko hiru taldeak puntu banarekin berdinduta gelditu ziren, eta puntuazioak Barañaingo Beteranoak taldeari eman zion bigarren faserako txartela. Aipagarria da saioaren amaieran leitzarrek eta Jituk taldeak gogoan izan zuten berriki hil den Manuel Lasarte bertsolari handia. Oier Lakuntza eta Haizea Berueteren Hautsi eta barratu taldea lehen puntuaren bila abiatu zen Uitzira. Baina Bertze Maldiko taldeako Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika eta Oskar Sanz de Acedo Hautsi ta barratu taldekoak baino gehiago izan ziren. Horrela, punturik lortu ezinik, txapelketatik kanpo geratu dira sakandarrak. Sakandarrekin bukatzeko, Mikel Lasarte eta Mikel Iriarte irurtzundarren Mailope taldea puntua lortu ezinik gelditu zen. Lesakan Rimak Exkaxko taldea izan zuten aurrez aurre. Bertso afariaren ondoren, etxeko taldeak lortu zuen garaipena eta, horrekin batera, hurrengo faserako txartela. Bigarren faseaSei taldek gainditu dute Nafarroako taldekako bertso txapelketako lehen fasea: Etxarriko Bilixkorriko taldeak, Leitzako Leitzaundi taldeak, Oronoz-Malerrekako Erauntsi taldeak, Barañaingo Beteranoak, Auritz-Iruñeko Bertze maldikoak eta Lesakako Rimak exkaxko taldeak. Sei taldeak martxoaren 2an sartuko dira lehian. Bina saio jokatuko dituzte, bat etxean eta bestea kanpoan. Etxarriko taldeak Barañaingo Beteranoak taldearekin neurtuko ditu indarrak, Leitzaundik Erauntsirekin eta Bertze maldikoak Rimak exkaxkorekin. Bikote bakoitzetik bat iritsiko da martxoaren 31ko finalera. www.bardoak.comJarraitu Nafarroako taldekako bertso ekimena web orrian.