Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horixe da 2012ko Nafarroa Oinezen lema, asteburuan ateak ireki dituen Artea Oinez erakusketarendako ezin egokiagoa. Ostiraletik arte garaikide erakusketak kolorez betetzen du Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoa. Eskulturak, margolanak, grabatuak... denetariko artelanak ageri dira, baina guztiek hitz batekin lotuta daude: euskararekin. Beste behin ere, arteak eta euskarak bat egin dute. Euskal Herriko 60 bat artista ezagunek bat egin dute 2012ko Nafarroa Oinez festa antolatuko duen San Fermin ikastolarekin. Denen artean euskal arte garaikidearen adierazgarri den erakusketa osatu dute. Urtero bezala, Sakanako artistek ere haien ekarpena egin nahi izan dute. Jose Ramon Anda bakaikuarrak brontzezko eskultura ederra egin du. Mikel Okiñena irurtzundarrak, pago egurrezko eta altzairuzko eskultura soil eta leuna egin du. Asun Goikoetxeak eta Dora Salazarrek, berriz, margolanak egin dituzte. Bakaikuarrak tintazko hego gorria margotu du paper gainean. Altsasuarrak, berriz, Bailarinas cósmicas serieko bi margolan aukeratu ditu ikastolen aldeko erakusketarako. Artea Oinez erakusketa Iruñeko Ziudadelan egonen da martxoaren 19ra arte. Garagarrilaren 7tik garilaren 8ra Donostiarako bidea hartuko du. GrabatuakErakusketaz gain, San Fermin ikastolak "artea demokratizatu" nahi izan du. Helburu horrekin, kalitate handiko artisten grabatuen bilduma egin du. Martin Caro, Morras, Del Valle, Gorriti eta Oteizaren lanak bildu ditu. Iruñeko ikastolak bereziki gogoan izan du Julio Martin Caro "indar handiko artista".