Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Partida hasi aurretik bazirudien askok bazekitela zein izango zen emaitza, baina pilotariek mozorroa kendu eta benetako aurpegia erakutsi zutenean aho zabalik utzi zituzten ikusleak.Aritz Lasa orain arteko atzelaririk gabe herren egongo zela ematen zuen. Gainera Zubietaren ordezkoaren ordezkoak jokatzen zuen, Kepa Peñagarikanok. Hilabeteak dira enpresak ez duela Beizamako atzelaria pilota partida baterako hots egiten eta Tintin III.aren eta Merino II.aren mailarekin zalantza gutxi zegoen. Baina ihoteetako magiak bere ondorioak izan zituen eta ezustean Aritz Lasa eta Peñagarikanok 15ean utzi zituzten errioxarrak.Hasieratik Aritz Lasak hartu zuen bikote urdina aurrera eramateko ardura eta gauzak espero bezala joan ziren 5. tantora arte. Orduan Peñagarikano esnatu eta urretxuarrarekin batera sekulako lana egin zuen. Pilota gozatuz 11 tanto egin zituen, eta askotan jarri zion erritmoa partidari: botera, ezker boleaz, besagainez... Eta akaberan atzelaria izan zen protagonista nagusia. Aritz Lasa ere bikain aritu zen. Txapelketan aurrera joan ahala gero eta konfiantza gehiago eta pilotalekuei neurria hartu die eta gero eta joko hobea egiten ari da.Bikote errioxarrak berriz ez zuen ohiko jokoa erakutsi. Partida irabazten hasi ziren, baina 6ko berdinketan beheranzko bidea hartu eta ez zuten altxatzerik lortu. Titinek ohi baino akats gehiago egin zituen eta David Merino defendatzera bakarrik mugatu zen.Garaipen honek albiste ona bat baino gehiago ekarri die irabazleei. Batetik, Kepa Peñagarikanok ziurtatua dauka heldu den asteburuko partidan jokatuko duela eta bestetik, Aritz Lasa eta Zubieta bikoteak azken aldian lortzen hain garesti zen puntua lortu du.