Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haize Berriak bandak gabon giroa ekarriko du bihar Altsasura. Inauterietako ikuskizunean musika baino gehiago izanen da: bandako musikariak antzeztera, abestera eta dantzatzera ere ausartuko dira. Eguerdian hasiko dute musika festa kalejirarekin. Kontzertu berezia herriko plazan lehertuko da.Sakanako Haize Berriak banda eguerdiko 12:30ean aterako da Iortia kultur gunetik. Lagun bereziak ekarriko ditu berarekin: Olentzero eta Mari Domingi. Gabonetako protagonista nagusiekin batera, kalejiran abiatuko dira Foruen plazara, bertan kontzertua eskaintzeko. 13:30etik 15:00etara gabon giroa jarriko dute Altsasuko plazan. Bazkal ostean, 18:00etatik aurrera, atzera ere eszenatokira igoko da Sakanako banda. Iluntzera arte, urte zahar eguneko jai giroa jarriko dute Altsasuko plazan. Gabon kantak otsaileanBanda eta abesbatza gehienek gabonetako kontzertuak eskaintzen dituzte abenduan. Sakanako bandak, berriz, data horietan kontzertu monografikoa egiten ditu. Dirudienez, bandaren jarraitzaile batek baino gehiagok faltan botatzen ditu gabonetako abestiak. Horregatik aukeratu dute gai hori inauterietarako. Asko dira gabonekin lotzen ditugun ohiturak: Olentzero, gabon kantak, loteria, urte zahar eguneko mahatsak, telebistako gala, Vienako orkestraren kontzertua... Horiek guztiek lekua izanen dute Haize Berriak bandaren inauterietako ikuskizunean.