Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bilgune Feminista erakundeak antolatu du Emakume abertzaleen Topaketa Feministak. Bosgarren edizioa izanen da eta, aurrekoetan bezala, emakume abertzale eta feministak bilduko dira norabidea, diskurtsoa eta praktikaren inguruan hausnartu eta jarduerez gozatzeko. Hamaika egiteko ari gara leloa izanen du topaketak, Bilgune Feministaren 10. urteurrenean ospatuko dena. Kitz Mendiolak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, "emakume eta abertzale gisa hiru zapalkuntza sufritzen ditugu: abertzale edo independentistak garen heinean; langileak ere bagara eta langileen zapalkuntza ere sufritzen dugu. Eta emakumeen zapalkuntza, azkenik. Hiru arlo horietan buelta emateko helburuz lan egiten du Bilgune Feministak eta topaketen helburua bide horretan beste mugarri bat izanen da. Diskurtsoa eguneratu eta elkar elikatuko" dutela esan du Mendiolak. GaiakTopaketa feministetan, momentuan momentuko egoerari erantzun dioten hausnarketa espazioak sortu ditu Bilgune Feministak. Eider Leozek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, "bizi dugun egoera politiko berriari buruz hitz eginen da eta asko eztabaidatuko da". Horregatik, beharrezkotzat jo ditu Leozek topaketak. Mendiolak gaineratu duenez, "independentziaren bidean, horren inguruan hausnartuz, emakumeon papera, zein ildo jorratu nahi dugun eta horren inguruan ariko gara". Palestina, El Salvador eta Irlandako emakumeek zein jokabide izan dituzten ezagutzeko aukera ere eskainiko du topketak. Euskal Herriko egoera politikoaz gain, tailerretan bestelako gaiak landuko direla azaldu digu Mendiolak: "hezkidetza, artea eta sorkuntza, osasuna, immigrazioa, prostituzioa, emakume presoak, elikadura subiranotasuna eta beste". Gai asko jorratuko dira Leitzan martxoaren 2, 3 eta4an. Parte-hartzaileak interesen arabera aukeratuko dituzte tailerrak. Leozek Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, azken egunean tailer guztietan ateratako ondorioak komunean jarriko dira. Parte hartzeaEmakume abertzaleen Topaketa Feministei buruzko informazioa http://2012topaketafeministak.wordpress.com web gunean dago. Leitzara joan eta han bazkaldu, afaldu edo lotan gelditu nahi duenak izena eman beharko du. Bestela, egunero izanen diren mahai inguru nagusietan eta tailerretan parte hartzea librea da.