Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hondakinekin konposta egiteko planta Arbizun jartzeko negoziatzen ari da Nafarroako Hondakinen PartzuergoarekinSakanako Mankomunitateak apiril erdialde edo akaberarako espero du eskutan izatea etxeko hondakinak atez ate biltzearen inguruko bideragarritasun azterketa. Halaxe jakinarazi digu ibarreko erakundeko kudeatzaile Adolfo Araizek. Aurten bertan jarri nahiko luke martxan Sakanako Mankomunitateak atez ateko hondakin bilketa sistema. Atez ate bildutako hondakin organikoak tratatzeko Arbizuko Utzubarko hondakindegian konposta egiteko planta bat eraiki nahi du Sakanako Mankomunitateak. Nafarroako Hondakinen Partzuergoarekin negoziatzen ari da gaur egun erakundea, hark inbertsioa ordain dezan. "Atez ateko bilketarekin lortutako hondakinak konposta egiteko kalitate onekoa izanen da; ez da beste elementuekin nahastuta egonen. Hori ez dugu Carcarren edo Tutera tratatzea nahi", azaldu digu Araizek. Arrazoi horregatik, Arbizun konpostatzeko planta jarriz atez ateko sistemarekin bildutako hondakinak jasoko lituzke bakar bakarrik. Inguruko beste mankomunitate batzuk hartzen duten erabakiaren araberakoa izanen da kopostatzeko plantaren tamaina. Bideragarritasun planak zein aholku emanen dituen jakiteko zain daude. Araizek azaldu digunez, planean besteak beste, giza eta behar teknikoak aztertuko dira; mankomunitateak dituen baliabideak nola erabili barne. Araizek azaldu digunez, hondakin bilketa sistema berria ezartzeak egun erakundeak dituen kamioiak ez erabiltzea ekarriko luke. Bestalde, hondakindegian eta bilketarako lanposturen bat sor litekeela esan digu. Sakanako Mankomunitateak atez ate hondakinak biltzearen inguruan sentiberatzeko kanpaina egitea aurreikusten du. Plana jaso ondoren izanen da.