Brontzetik brontzera

Guaixe 2012ko otsailaren 27a

Pasa den astean jokatu ziren kluben arteko munduko txapelketak. Aurreikuspenak onak baziren ere, emaitzak hobetu egin dira eta euskal ordezkariek domina ugari etxeratu dituzte. Guztira 9 izan dira lortutakoak, 2 urre, 3 zilar eta 4 brontze.Brontze horietatik 2 Sakanarendako izan dira. Gure neskek sekulako lana egin dute Eskozia aldean eta horrek bere emaitzak ekarri ditu. Ostegunean hasi ziren txapelketan eta ustekabean 540 kilokoan 3. postua lortu zuen Sakanak. Horrek indar handia eman zien ostiralean jokatzeko zituzten beste 2 txapelketetarako.Pisu txikian 5. postuanOstiral goizean jokatu zen 500 kiloko txapelketa. Bertan 7 talde lehiatu ziren, horien artean 3 euskal talde; Badaiotz, Ibarra eta Sakana. Hasiera batean Sakanako neskek pisu txikian handian baino aukera gehiago zituzten lehen postuetan kokatzeko, baina sakandarrak ligaxkako tiraldien ondoren 5. postuan kokatu ziren, finalerdietan lehiatzeko aukerarik izan gabe. Ibarra ere lehiaketatik kanpo gelditu zen 7. postuan gelditu ondoren.Finalerdietan Badaiotzek aukera asko zituen, baina Txina-Taipei ere bertan zegoen. Txina eta Taipeiko neskek pisu handian Badaiotzi irabazi zioten eta gasteiztarrek arantza hori kendu nahi zuten. Finaleko txanda oso lehiatua eta estua jokatu zuten euskaldunek eta txinatarrek. Lehen tiraldia txinatarrek irabazi zuten, bigarrena, euskaldunek (faltengatik), eta kitarakoa ere, Badaiotzendako izan zen, hori ere faltengatik. Garaipen horrekin Badaiotzek urrezko domina eskuratu zuen. Hirugarren posturako lehia Disa Ladiesek (Ingalaterra) eta Ayrshirek (Eskozia) jokatu zuten.Arratsaldean iritsi zen Sakanaren bigarren dominaArratsaldean, mundial batzuetan lehen aldiz jokatu zen mistoa ospatu zen. Lehiaketan 4 taldek eman zuten izena, horietatik 3 euskaldunak, Ibarra, Badaiotz-Abadiño eta Sakana-Amaiur. Sakanako neskek, Nafarroako txapelketan bezala, Amaiurreko mutilekin jokatu behar izan zuten Sakanan ez baitago mutilen talderik. Talde bakoitzean 4 emakume eta 4 gizon aritu ziren lanean.Akaberan, podiuma euskaldunek osatu zuten. Ibarrak urrea lortu zuen, Badaiotz-Abadiñok zilarra. Hirugarren posturako lehian Sakana-Amaiurrek Txina-Taipeiri irabazi zion brontzea lortuz. Ikusgarriena, Abadiño-Badaiotz eta Sakana-Amaiurren arteko finalerdia izan zen. Sekulako tiraldiak jokatu zituzten, baina akaberan bizkaitarrek lortu zuten garaipena, zilarra jantziz. GERTUTIKOihane Etxeberria eta Arantza Serrano, Sakanako sokatira taldeko kideakAsteazkenean joan zineten Eskozia aldera, baina mundialak prestatzen denbora dezente daramazue, ezta? Irailean prestaketa fisikoa egiten hasi ginen eta mundialetara joan behar ginela erabaki genuenean, dirua lortzeko moduak pentsatzen hasi ginen. Kamisetak, boletoak... atera behar izan genituen dirua lortzeko eta jendeak lagunduta azkenean lortu dugu dirua. Gero gure poltsikotik ere jarri behar izan dugu.Arraroa da beste mundial batzuetarako zenbat diru xahutzen den eta sokatirako mundialetarako zuen poltsikotik jarri behar izana. Hasieratik bagenekien gure poltsikotik dirua jarri beharko genuela. Gainera krisia dela eta ez dela, murrizketak direla eta, beste batzuetan ematen zuten diru laguntzarik ere ez dugu jaso eta horregatik beste aukera batzuk kontutan hartu behar izan ditugu.Perthen zer moduzko giroa izan zen? Asteazken arratsaldean iritsi ginen eta pisaketak izan genituen. Gero hotel handi batean elkartu ginen talde guztiak afaltzeko. Orduan taldeak ezagutu eta aztertzeko aukera izan genuen, nortzuk dauden beste urte batzuetatik, berririk badagoen...Eta ostegunean lanean hasi ginean. Goizean 540 kilokoan aritu ginen. Gure pisua 493koa da eta pisu horrekin ez genuela ezer egitekorik pentsatzen genuen. Lehen tiraldia ez zen oso ongi joan, baina pixkanaka lasaitu eta akaberan 3. postuan gelditu ginen.Zuek brontzea irabazi zenuten. Lehia handia zegoen taldeen artean? Beroketetan beste taldeen kontra tiratzen hasi ginen eta arrastaka eramaten gintuzten. Baina gero nerbioak kenduta eta guztiak batera lana ongi egiten hasi eta oso gustura aritu ginen.Zuek 493 kilorekin 540 kilokoan 3. sailkatu zineten. Nolakoa da podiumeko sentsazioa?Oso ona. Pisu horretan ez genuen espero eta azken tiraldi gogorren ondoren eutsi genuen eta bat-batean 3. Hasieran ez genuen sinisten, baina azkenean horrenbeste lan egin eta gero merezi izan du.Hori ostegunean izan zen. Ostiralean lan bikoitza izan zenuten, 500 kilokoan eta mistoan.Talde berdina ginen eta beste aldaketarik ez zegoenez berdinek parte hartu genuen. Nahiz eta gure pisuan egon pisu txikian 5. sailkatu ginen. 500ekoan maila handiagoa zen eta gainera aurreko egunean ere tiratzen aritu ginen eta hori atzeman zen. Guk ere ez genuen egun honena izan. 540an aukerarik gabe domina lortu eta 500ekoan zerbait gehiago lortzea nahi genuen, baina ezin izan da, beste baterako.Mistoa lehen aldiz lehiatzen zen eta hor ere parte hartu zenuten. Nolako esperientzia?Esperientzia polita. Mistoan talde gehienak Euskal Herrikoak ginean, Txina-Taipeiz aparte. Erabaki beharra zegoen taldea nola osatu, nork parte hartuko zuen eta nork ez, 4 neska eta 4 mutil aritzen baitira. Gainera tiratzeko modua oso ezberdina da. Mutilak tiratzeko orduan askoz ere lasaiagoak dira, tiraldiak lasaiagoak eta luzeagoak izaten dira eta hori ere atzematen da. Baina hor ere brontzea lortu genuen eta oso pozik.Taldean 8 zarete, baina zuekin batera hemendik jende gehiago ere joan da? Bai. Gurekin batera beste 3 lagun. Lan handia egin dute argazkiak ateratzen, bideoak grabatzen, gure animoak ematen eta eskertzen da. Gure "managerrak" izan dira.Bukatzeko, nola ikusten duzue Sakana sokatira taldearen etorkizuna? Beti bezala, jende beharrean. Aurten gainera 2 taldekidek taldea utziko dute eta jendea behar dugu taldea osatzeko.Jendea ez bada animatzen Sakana sokatira taldea desagertuko da. Hemendik ere deialdia egiten dugu jendea animatzeko eta gutxienez probatzeko.