Laburbira abian

Guaixe 2012ko otsailaren 29a

Bihar emanen diote hasiera 2012ko Laburbira, euskarazko film laburren zirkuituari. Topagunearen ekimenez, euskarazko zortzi film labur 30 herrietara iritsiko dira. Emanaldi gehienak Euskal Herrian izanen dira, baina Madril, Paris eta Londonera ere iritsiko da. Azken urteetan bezala, Sakanak ez du proiekziorik hartuko. Laburbira euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburuarekin egiten da. Herrietako euskara taldeekin lankidetzan antolatzen da. 2012ko Laburbiran zortzi film labur botako dituzte, animaziozko bi lan, fikziozko lau, dokumental bat eta bideoklip musikal bat. Dokumentala 1961ean Gotzon Elortzak zuzendutako Aberria da, euskaraz egindako lehena. Horrez gain, aurten lehen aldiz, euskaraz ez den film bat onartu dute: Xoxe Diazek galizieraz egindako Instalación filma. Egoera gutxituan dagoen hizkuntza batean sortutako film laburren bat sartzeko asmoa azaldu dute. Bestelakoan, hasi berri diren eta ibilbide luzea duten zuzendarian lanak eskainiko dituzte: Maialen Sarasuaren Hemen nago, Joseba Uberuagaren Izena duena, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Gergorio Muroren Zeinek gehiago iraun, Kultur Kabiak-en Kantuka revolta permanet eta Jon Garañoren Urrezko eraztunak.Euskara sustatzea helburuTopagunea euskara elkarteen federazioa 1997an sortu zen. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 95 Euskara Elkartek osatzen dute. Horien artean daude Irurtzungo Aizpea Euskara Taldea, Altsasuko Kima Euskara Taldea eta Sakanako Bierrik Fundazioa. Elkarteon zein federazioaren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.