5 atxilotu droga trafikoagatik

Guaixe 2012ko martxoaren 1a

Limite operazioaren barruan Foruzaingoak 11 pertsona atxilotu ditu eta haietako lau espetxeratu egin ditu Iruñeko Instrukzioko 1. epaitegiak. Espetxeratuak JMAF eta UAS altsasuarrak eta bi bizkaitar dira. Sakanan kokaina, speeda eta marihuana salmentan aritzea leporatu diete. Operazioan Foruzaingoak 225 gramo kokaina, 300 gr speed, 20 estasi-pilula, 63 cannabis landare, 160 gr marihuana, 125 gr haxix, 15.000 euro eta gama altuko auto bat atzeman du. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, iaz Altsasu inguruan drogen kontsumo hazkundea sumatu zuen. Maiatzean ere jarduera horrekin lotutako herritarren kexa ugari jaso zituen Foruzaingoak. Iazko garagarrilean poliziak JMAF eta UAS droga salmentan aritzen zirenaren susmoa izan zuen. Speedz Laudion eta Amurrion hornitzen zirela jakin zuten eta COM altsasuarra haien arteko lotura egiten zuela. Arabarrak eta altsasuarra abenduaren 15ean atxilotu zituzten. Lau egun geroago atxilotu zituzten JMAF eta UAS, 100 gr kokaina erostera joan omen zirenean. Gobernutik zabaldu dutenez, Bizkaian ere hornitzen ziren speedaz. Han hiru pertsona atxilotu zituzten eta 40 kilo sustantzia, 275gr speed eta 100 gr kokaina atzeman zieten. Foruzaingoak, gainera, JJB sakandarra eta CUS eta XMJ altsasuarrak atxilotu zituen.