Errausketaz Parlamentuan

Guaixe 2012ko otsailaren 28a

Aurreko ostegunean Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen Ezkerrak aurkeztutako mozioa. Marisa De Simon Caballero parlamentariak Nafarroako Gobernuari erraustegiek osasunean duten eraginari buruzko azterlan erreal bat egiteko eskatu zuen. Eta horrekin batera Nafarroako Hondakinen 2012-2020 planaren luzamendua eskatu zuen, errausketari indarra kentzeko. UPN, PSN eta PPk kontra bozkatu zuten, NaBai abstenitu egin zen eta Bilduk eta I-Ek alde egin zuten. De Simonek ez bazuen Olatzagutiako porlandegia aipatu, bai egin zuela Bilduko Bikendi barea parlamentariak. Greenpeace, CCOO, NBE, Unesco eta bestelako erakundeen aipamenak egin zituen. Errausketatik elementu kutsagarrienak sortzen direla nabarmendu zuen Bareak. Isurien %0,02 besterik ez dela kontrolatzen nabarmendu zuen  ere. Porlandegiak erraustegien aldean hondakinak erretzeko prestatuta ez daudela defendatu zuen Bildukoak. Bareari erantzunez, UPNko Jeronimo Gomez parlamentarioa izan zen Olaztiko porladegia aipatu zuen beste parlamentaria. Bilduri zuzenduta, haiek agintean dauden Lemoa eta Donostian erraustegiak daudela aipatu zuen. Bareari zuzenduta esan erregionalistak esan zuen ez zuela ulertzen nola koalizioak ez zuen laguntzen Olatzagutiko enpresaren bideragarritasun eta lehiakortasuna. Arriskua onartu zuen, nahiz eta handiena hondakinak lurperatzea dela nabarmendu. BatzordeanOtsailaren 22an Parlamentuko Industria Batzordean porlandegiko ordezkaritza bat izan zen. Bilkura hartan Bilduko Bikendi Barea parlamentariak esan zuen herritarren osasuna irabazi ekonomikoen gainetik dagoela. Horrekin batera, hondakinak kudeatzeko beste aukera batzuk badaudela defendatu zuen. I-E ere errausketa egitasmoaren kontra egin zuen batzordean, osasunarendako eta ingurumenarendako arriskutsua dela argudiatuta. BisitaUPNk eta PSNk eskatuta parlamentari talde batek Olatzagutiako porlandegia bisitatuko du. Enpresarekin data zehazten dutenean eginen da bisita. Horixe erabaki zuen astelehenean Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzarrak.