Irrati sare berritua

Guaixe 2012ko martxoaren 2a

FMko dialaren 107,3 sintonizatzen dutenek, astelehenetik aurrera ahots berri bat entzunen dute egunero: Unai Zabaletarena. Leitzako Karrape Irratiko esataria Sarean izanen da, Lekunberriko Aralar Irratiko Martin Juanena eta Sakanako Beleixe Irratiko Eneida Carreño eta Oihana Gallorekin batera. Hiru irratietako esatariak elkarrekin ariko dira egunero, 11:00etatik 11:30era. Tarte horretan eskualde bakoitzeko albisteen berri emanen dute esatariek. Horretaz gain, gaurkotasunezko gaiak ere landuko dituzte. Jakina, hiru irratietako entzuleak lehiaketan parte hartzeko aukera izanen dute. Beleixe Irratiko (FM 107,3) esatariek jakinarazi digutenez, ez dute baztertzen etorkizunean beste irrati batzuk sarera gehitzea. Sarea 2000ko lastailean jarri zuten martxan Aralar, Beleixe eta Esan Erran irratiek. Azken horrek Nafarroako Gobernuaren murrizketengatik goizeko saioa egiteari utzi zion ilbeltzean.