Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean goizeko 11:00etatik aurrera izango da euskarazko komunikabideen aldeko azoka Etxarri Aranatzen.Sakanako ikastolek antolatuta otsailaren 3an euskarazko komunikabideen aldeko bi elkartasun azoka antolatzekoak ziren. Altsasukoa ospatu bazen ere Etxarri Aranatzen egitekoa zena bertan behera gelditu behar izan zen elurtea zela eta. Andra Mari ikastolako zuzendari den Adur Goikoetxeak Beleixe irratian (FM 107.3) azaldu bezala, "azkeneko urte hauetan Nafarroako Gobernuaren politika dela eta euskarazko komunikabideak diru laguntzarik gabe bizirauten dute eta Sakanan Guaixek eta Beleixek duten presentzia ikusita, gure babes osoa merezi dutela argi daukagu". Maite dugun hori zaintzeko premia azpimarratu du Adur Goikoetxeak behin baino gehiagotan eta ikastola "euskararen aldeko eragile den heinean elkar laguntzeko beharra dugula" esan du.Denetarik Azokaren antolaketan eta objektuen bilketan parte hartu duten guztiei ere eskerrak helarazi nahi izan dizkie Andra Mari ikastolako zuzendariak. Ikastolako guraso eta ikasleek, Etxarriko Udalak, Etxarriko Gazte Asanbladak eta herriko denda ezberdinek elkartasunezko azoka honetan parte hartu nahi izan dute eta material asko eta polita jaso dute.Honela, prezio eskuragarrian jarriko dituzte salgai liburuak, arropak, elektra tresnak, altzairiak etab. larunbatean goizeko 11:00etatik aurrera Udaleko estalopetan. Elkartasuna adierazi asmoz, DBHko ikasleek azokarako pankarta prestatu zuten eta asteburu honetan mustuko dute. Goikoetxeak Beleixe irratian (FM107.3) gaineratu nahi izan du "Gauixe eta Beleixe sakandarren egunerokotasunaren parte direla eta, horregatik, sakandar guztiak gonbidatu ditu azokara".