Sakanako Mankomunitateak badu aurrekontua

Guaixe 2012ko martxoaren 1a

Asteartean ibarreko erakundearen batzarrak baiezkoa eman zion aurtengo aurrekontuari. 3.170.000 euroko kudeatuko ditu aurten Sakanako Mankomunitateak. Abenduan onartzekoa zen aurrekontua, baina Altsasuko Udalak eskatuta (diru ekarpen handiena egiten duen udala da) onarpena atzeratu egin zen. Bere aurrekontuak doitu beharra zuela azaldu zuen. Eta eskatzen zuen berrikustea ordaintzen ziren partidak eta kuotak. Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu Zubizarretak asteartean aurrekontuen onarpenean izandako atzerapenagatik barkamena eskatu zuen. Altsasu Udalak abenduan bere aurrekontuak egiteko denbora behar izan zuela azaldu zuen. "Pertsonala eta zerbitzuak mantentzeko ahalegina egin dugunez, beste erakundeei eraginen die". Altsasuko Udalaren eta Sakanako Mankomunitatearen artean bilera batzuk egin ziren eta abenduan aurkeztutako aurrekontu proposamenarekin alderatuta aldaketa txiki batzuk jaso dira asteartean onartutako aurrekontuan. Ur zerbitzuan 10.000na euro murriztu dira inbertsioetatik eta, tresna bat jarri denez, arazte plantarako erosten diren gehigarri batzuen erosketa sailetik. Horretaz gain, Immigrazio Zerbitzuan ere murrizketa dago. InbertsioakAurtengo kontuetan inbertsioetarako 125.000 euro besterik ez dira jaso. Horietatik, 60.000 euro atez ateko hondakin bilketa sistema jartzeko bideratu dira. Zein inbertsio eskatuko duen eta mankomunitateak dituen baliabideetatik zein erabili daitezkeen ez dago oraindik zehaztuta. Ur Zerbitzuan inbertsio txikiak egiteko 93.000 euro bideratuko dira. Aurten bi lan handi eginen dira, baina iazko aurrekontuaren kontura: Lakuntza eta Ihabar artean hornidura sarea luzatzea eta Arbizuko hondakindegian egin beharreko lanak. Sakanako Mankomunitateak bere burua finantzatzeko hiru diru iturri ditu: udalen kuotak, zenbait zerbitzuetako erabiltzaileek ordaintzen dutena eta Nafarroako Gobernuaren ekarpenak. Azken horiek urtetik urtera jaitsi egin dira eta udalen bizkar gainean zama handiagoa utzi dute. Horregatik, zenbait jardueretarako diru-sailak murriztu egin dituzte. Immigrazioa zerbitzuaz Otsailera arteko aurrekontua zegoen eta Sakanako Mankomunitateak hasieran immigrazio teknikari postua kentzea pentsatu zuen. Izan ere, Nafarroako Gobernuak immigrazio zerbitzuari emandako diru-laguntzak urtetik urtera behera egin dute desagertu arte: 2008an 63.000 euro eman zituen; 2009an, 35.000; 2010ean, 19.000 euro; iaz eta aurten zero. Finantzazio arrazoiak ziren lanpostua kentzeko argudioa. Hasiera bateko asmoa zen Immigrazio Zerbitzua langilerik gabe aurrera egitea bestelako zentzua emanez eta Mank-en eta udaletan batzordeak osatzea. Asmo hori jakin zutenean ibarreko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek, zenbait udalek eta erabiltzailek zerbitzua mantentzearen alde egin zuten. Eta zenbait kudeaketen ondoren teknikariaren postua mantenduko da. Finantziazio falta horri aurre egiteko ibarreko erakundeko buru Aitor Karasatorre Muguruzak batera eta bestera jo zuen. Azkenik, Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen arteko hitzarmena sinatuko da. Zati txiki bat ibarreko erakundeak ordainduko du eta gainontzekoa, 35.000 euro, Gizarte Zerbitzuek (Etxarri aldekoak aurreratuko du, baina beste bi mankomunitateak parte hartzea nahi da). Haren bidez eutsiko zaio Immigrazio Zerbitzuko teknikari lanpostuari.Karasatorrek azaldu zuenez, urte baterako konponbidea da opatu dena. "Aurten zerbitzuaren inguruan bildu eta hausnartu egin beharko dugu. Zerbitzua berriro definitu egin beharko dugu: nola egokitzen dugun; nola finantzatzen dugun". Presidentearen arabera orain zerbitzu mota aldatu eginen da, "ez dago dirurik proiektuetan gastatzeko". Behin betiko konponbidea emateko aukeren artean daude, besteak beste, Immigrazio Zerbitzua orain arte bezala jarraitzea edo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bat egitean han txertatzea. Betiko konponbide hori lantzen hasiko da Sakanako Mankomunitateko batzar iraunkorra. IritziakZerbitzuak bere horretan jarraitzen badu ere, Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu Zubizarretak esan zuenez, "horrek ez du esan nahi beste gauza batzuetan ere pentsatzen hasi behar ez garenik. Diru-laguntzak gero eta gutxiago dira. Nafarroako Gobernuaren jarreraren aurrean suhiltzailearena egiten ari gara. Etorkizunean egoera bera eman daiteke beste zerbitzu batean. Agian komenigarria da etorkizunean halako egoerei nola erantzun aztertzeko planteamendua egitea. Hori gure eskutan dago". Arakilgo Alkate Ruben Goñi Urrozek esan zuen beste zerbitzuetan ere Nafarroako Gobernuaren murrizketak zeudela baina ez zirela haiek kentzea pentsatu. "Zerbitzu bat kendu aurretik beste guztiak ukitzea proposatzen dugu guk", esan zuen Goñik. Immigrazio Zerbitzuaren lana aitortzeaz gain, lortutako konponbideagatik poztasuna azaldu zuen. Horrekin batera, Sakanako Mankomunitatearen baitan Immigrazio Batzordea martxan jartzea eskatu zuen, "euskara eta kirolean dauden moduan, hor ere lan egiteko". Goñiren iritziz zerbitzuak ere moldatu egin beharko direla, "irudipena dut planifikatzetik gehiago egitera pasa beharko direla". Karasatorrek Sakanako Mankomunitateko batzar iraunkorrean lantzeko hiru gai eramanen zituela aurreratu zuen. Batetik, diru-laguntzen murrizketak etorkizunean beste zerbitzuetan eragin dezaketela eta ondorioak murrizteko tresnak aurreikustea. Bestetik, immigrazio batzordea sortzeko proposamena ere eramanen du. Azkenik, Immigrazio Zerbitzuari jarraipena eta bideragarritasuna aztertuko du batzar iraunkorrak. Euskara ZerbitzuaAldaketak izan dira langilerian. Ilbeltzera arte zerbitzuan aritutako Elvira Lizeagak Antsoainen plaza finkoa eskuratu du. Haren ordez asteazkenean Eneko Anduaga hasi zen lanean. Horretaz gain, Maite Iparragirrek lanaldi murrizketa eskatu du. Haren lanaldiaren heren hori betetzeko Koldo Azkona kontratatuko du ibarreko erakundeak, itzulpen lanetan aritzeko. Bestalde, Euskara Batzordearen araudia behin betiko onartu zen, alegaziorik izan zelako. Garapen ZerbitzuaTurismo bulegorako langile bat edo bi kontratatuko dituen mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren arabera izanen da. Diru-laguntza deialdian aldaketak egin ditu foru administrazioak. Lehen %80ko diru-laguntza ematen zuen. Orain lehiaketa eginen du eta %50 eta 80 artean emanen du. Azkenik, enplegu tailerra martxan jartzeko, martxoan jakinaraziko du Nafarroako Gobernuak diru-laguntza emanen duen edo ez.ErrausketazSakanako Mankomunitatearen hurrengo batzarrean 3 mugak batera plataformak udaletan aurkeztutako mozioa izanen da. Lakuntzako Udaleko ordezkariek gaiaren inguruan aritzea proposatu zuten, "ibar guztiari eragiten diolako". Udal bakoitzean gaia landu denez, Sakanako Mankomunitateak bere iritzia emateko hurrengo bilkuran mozioa aztertzea erabaki zen.