Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lorenzo Ondarra Kintana organo-jotzailea eta musikagilea bakaikuarra hilaren 4an hil zen, 80 urte zituela. Ondarra XX. mendeko bigarren erdialdeko eta XXI. mende hasierako musikari nabarmenetako bat da. Konposizioa, partitura zaharrak berreskuratu, moldaketak egin eta beste egileen partiturak transkribatu zituen Ondarrak. Baina horrekin batera, organoa jo zuen, eta musika eta abesbatza zuzendaritza irakaslea izan zen. Bakaikuarra folklore ikertzailea ere izan zen eta musika zabalkundean lan handia egindakoa da. Izen handiko makina bat abesbatzekin lan egin zuen Ondarrak eta haiekin bere lanak mustu zituen. Zerrenda horretan daude Etxarri Aranazko eta Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak. Ia 170 bat lan konposatu zituen, gehienak, 136, abesbatzarako. Txisturako 14 lan ere ondu zituen bakaikuarrak. 1969an Arte Ederretako Sari Nazionala jaso zuen Tomas Marcorekin batera, Diálogos para dos sextetos de cuerda y organo lanagatik. Iazko Nafarroako Abesbatzen Federazioaren eta Txistularien Elkartearen aitortza jaso zuen. BizitzaBederatzi anai-arrebetan seigarrena, 1931ko azaroaren 20an jaio zen Lorenzo Ondarra Kintana. Bere anai Tomasek eman zizkion aurreneko musika eskolak. Eliz eta musika (solfeoa eta pianoa) ikasketak Altsasuko kaputxinoen seminarioan egin zituen. 1954an apaiztu ondoren 3 urtez gregoriano ikasketak egin zituen Gasteizen eta Salamancan. Gerora Montserraten hobetuko zuena. Musika ikasketak Suiza, Italia eta Alemanian osatu zituen. AgurrakLarunbatean Donostiako kaputxinoen elizan funerala izan zen. Domekan, berriz, Bakaikun, senide, herritar eta lagunek agurtu zuten zendu berria. Agurreko elizkizunean musika presente izan zen. Etxarri Aranazko abesbatzak, Bakaikuko parrokiako abesbatzak, Raul Madinabeitia txistulariak eta Raul del Toro organistak parte hartu zuten. Elizkizunean Bihotz batez eta Jareskuntza obrak entzun ziren. Azken hori Aita Olazaranen lana Ondarrak organo eta txisturako egokitu zuena. Mezaren ondoren Tomas Ondarrak eskerrak emateko hitza hartu zuen. Bakaikun anaietako bat bera ere bizi ez bada ere, herria beti presente izaten dutela azaldu zuen. Igor Ijurra Fernandezek hartu zion lekukoa eta Bakaikuko hiru doinurekin osatutako txistu eta organorako Jai giro piezaren inguruko azalpenak eman zituen. "2006an mustu nahi eta ezin izan zen. Gaur (domekan) mustuko da". Ijurrak azaldu zuenez, obrak hiru zati ditu: "aurrena eta atzena Resurrección Maria Azkuek Juana Baztarrikari jaso zizkion XX. mende hasieran". doinua Urteak bi ditu izeneko Aszensio eta San Joan egunaren artean kantatzen zen. "Azkuek dio kantua bukatzean jendeak txalo egin, irrintziak bota eta etxera joaten zela". Segituan Ingurutxoa dator eta, azkenik, Goian tenpluan dago Amandre Santa Ana kantuarekin osatu zuen pieza Ondarrak. Ijurrak jakinarazi zuenez, egile bakaikurrak oraindik dozena bat lan mustu gabe ditu. Bakaikuko agur ekitaldia bildutako guztiak Agur Jaunak kantatuz despeditu zuten. Etzi, berriz, Etxarri Aranazko meza nagusia Ondarrari aterako zaio.