Sakana eta Nafarroa Beherea gertuago

Guaixe 2012ko apirilaren 23a

Nafarroa Beherea eta Sakana, bi Nafarroak batu ziren atzokoan Etxarri Aranatzen. Bi eskualdeetako herritarrak bilduz, mugak gainditu eta euskararen mundua zabaltzea zuen helburu atzoko ospakizunak.  Eguraldia lagun, goizetik animazioa izan zen Etxarrin. Dantzari, ihote pertsonaia eta musikariz alaitutako kalejira izan zen. Ikasleek herri kirol saiotan parte hartu zuten. Eguerdiko kantaldiak jendetza erakarri zuen Etxarri Aranazko plazara eta bazkarian 520 pertsona bildu ziren. Kantuan despeditu zen eguna. Nafarroan Bizi! egunarekin bi eskualdeek elkar ezagutzeko bidea jarri nahi izan dute bateko eta besteko ikastolek. Atzokoa eta gero Sakanako (Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka) eta Nafarroa Behereako (Ortzaize, Amikuze, Baigorri, Oztibarre, Arberoa eta Garazi) ikastolek hausnarketa aldia zabalduko dute, elkar ezagutza horretan nola sakondu zehazteko.