Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lurra sareak antolatuta Lurra Eguna ospatu zen Altsasun atzo. Sakanan, Euskal Herrian eta Munduan geroa lurretik hasi lelopean ospatu zen jardunaldia. Alberto Frias Lurra Sareko bozeramaileak azaldu zuenez, erakundeek aurrera eramandako errezeta zaharren adibidea da Sakana. "Aurrera jarraitzen dute AHTrekin, goi tentsioko argindar linearekin eta errauskailuaren proiektuarekin. Ibarrak nahikoa ordaindu du". Lurrako kideak gaineratu zuenez, "ezin da horrela jarraitu, beste eredu bat behar da. Ez soilik ingurumen arloan, baita gizarte eta ekonomia mailan ere". Friasek aurreratu zuenez, maiatzean lurraren aldeko sare bat antolatu nahi da. Horretarako, topaketa bat eginen da. Bertan, mugimendu ekologistako kideek egun erabiltzen dituzten tresnen inguruan eztabaidatuko da, egungo garapen ereduaren kontra nola bildu aztertuko da eta ekonomia, gizarte eta ekologia mailan aurrera nola egin pentsatuko da. Egungo ereduak porrot egin duela ziurtatuta, eredu demokratikoago baten alde egin zuen Friasek. Web orri berriaAtzokoan Lurra Sareak www.lurra.org web orria aurkeztu zuen, Joxemi Zumalabe fundazioaren laguntzaz egin dena. Friasek web gunean dagoen gatazken mapa nabarmendu zuen. "Edozein taldek edo pertsonak bere arazoa hor jarri dezake eta guztien artean mapa osatu dezakegu". Taldeek elkarren berri izan eta parte hartze eta mobilizazio espazioak partekatzeko tresna izan nahi du web guneak. Eztabaida guneak, foroak eta abar ere baditu. Lurra2000. urtean sortu zuten hainbat arlotako 60 taldek. Bestelako garapen eredu baten aldeko deia zabaldu dute. 125 neurri zehatz aurkeztu zizkieten erakundeei.