UGTk balioztapenaren aldeko jarrera berretsi du

Guaixe 2012ko apirilaren 24a

Olatzagutiko porlandegian tratatutako hondakinak balioztatzearen aldeko apustua berretsi zuen atzokoan UGTk. Sindikatuko Nafarroako idazkari nagusi Juan Goyenek, Sakanako idazkari nagusi David Medinak eta porlandegiko enpresa batzordeko (UGT 4, ELA 3, CCOO 2) buru Javier Lekunberrik porlandegiaren egitasmoari "erabateko babesa" azaldu zioten. Goyenek ulergaitz jo zuen Euskadin onartzen eta egiten den hondakinen balioztapena Sakanan ukatzea. "Lantegia lehiakorragoa eta errentagarria izateko beharrezkoa da balioztapena" eta 150 lanpostu jokoan daudela nabarmendu zuen. Demagogikotzat jo zuen balioztapenaren kontrako jarrera Lemoan herriak porlandegia inguratzen duenean. Medinak azaldu zuenez, "batzuek balioztapenari egiten dioten oposizioak baldintza berdinetan ezin lehiatzea ekartzen dio porlandegiari". Lekunberrik, bestalde, aurreko astean lantegian izan zuten Sakanako eta Ameskoako hautetsien bisita positiboki baloratu zuen. "Lehen eskutik ezagutu zuten lantegia eta prozesua". Hala ere, ondoren Bilduk zabaldu zuen oharrarekin "harrituta" zeudela gaineratu zuen, "badirudi beste lantegi eta beste prozesu batez ari direla hitz egiten". Hondakinak balioztatzea eta erraustea gauza bera ez direla berretsi zuen Lekunberrik. Babesik ezean enpresak balioztatzea martxan jartzeko egin beharreko 3 milioi euroko inbertsioa ez duela eginen ere azaldu zuen. Enpresa batzordeko buruak azaldu zuenez, gaur egun porlandegiko bi ekoizpen lerroetatik bakarra dago lanean eta lantegia %45ean ari da lanean. Cementos Portland Valderrivas taldeak, antza, garagarrilean bere zorra birnegoziatzeko erabakiak hartuko ditu eta horrekin batera, 2 porlandegi ixteko erabakia ere. "Ez dakigu ezer eta langile gisa oso kezkatuta gaude". Ibarreko egoerazUGTko Sakanako arduradun David Medinak ibarrak bizi duen egoeraren argazkia egin zuen. "Lau urtetan langabezia hirukoiztu egin da eta langabeziaren %60a Altsasun zentratzen da. Gainera, enpresak etengabe ixten ari dira eta enpresa handiek ere arazoak dituzte, esaterako Inasak, Sunsundeguik eta Portlandek". Medinaren iritziz, Mankomunitateak "eskualdetik tiratu eta ekonomikoki egituratuko lukeen ardatza izan beharko luke, baina ez da halakorik egiten ari". Goyenek azaldu zuenez, Sakana gero eta okerrago dago, "eta lan erreformaren modukoek ez dute lagunduko". Baina udalek orain arte izandako jarrera ere kritikatu zuen, "industrialdeen kontra, oztopoak jarriz ez da industriarik ezta ekonomia hazkunderik, eta hori gabe ez da enplegurik sortzen".