Lehen Osasun Arreta eta medikuen zaintza sistema moldatu nahi du Osasunbideak. Aurreratu denaren arabera sakandar guztiek ez lukete zerbitzu bera jasokoAstelehenean Osasun Departamentuak landa eremuan egin asmo dituen aldaketak eta murrizketak azaldu zizkien udal arduradunei. Osasun Departamentuak Arreta Jarraituko Puntuak aldatzeko asmoa du, 15:00etatik aurrerako osasun etxeetako antolakuntzari dagokiona. Horri gehitu behar zaio departamentuak osasun etxeak 8:00etatik 20:00etara zabaltzeko duen asmoa. Proposamena kontuan izanik, Sakanako hiru eskualde buruetako bakoitzean dagoen osasun etxeak, mota bateko zerbitzua eskainiko luke. Altsasukoa 1 motakoa litzateke. Astegunetan ohikoa arreta, jarraitua eta larrialditakoa izanen lituzke 8:00etatik 20:00etara eta soilik larrialdietakoa 20:00etatik 8:00etara. Asteburu eta jai-egunetan egun osoan larrialdi zerbitzuko medikuak leudeke Altsasuko osasun etxean. Gainera, erradiografiak eta analisi batzuk egiteko aukera izanen litzateke. Irurtzungo osasun etxea 2 motakoa litzateke. Altsasukoaren zerbitzu bera eskainiko luke; hori bai, erradiografiak eta analisiak egiteko aukerarik gabe. Etxarri Aranazko osasun etxea, azkenik, 3 motakoa litzateke. Astegunetan 8:00etatik 15:00etara ohiko arreta eskainiko litzateke eta 15:00etatik 20:00etara larrialditako medikuak Etxarri Aranazko osasun etxean egonen lirateke. 20:00etatik 8:00etara, berriz, medikua etxean lokalizatuta legoke eta behar izanez gero batera edo bestera mugituko litzateke. Azkenik, asteburuetan Etxarri Aranazko osasun etxean 8:00etatik 20:00etara zaintzako medikua egonen litzateke eta egunaren gainontzeko orduetan etxean lokalizatuta legoke. Erreakzioa NaBaiko parlamentari Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok azaldu digunez, oraindik prentsaren bidez zabaldutakoa besterik ez dakite. "Baina irakurritakoan oinarrituta esan dezakegu Sakanako herri batean edo bestean bizitzearen arabera osasun arreta ezberdina jasoko dutela herritarrek. Horrek ekitate printzipioa urratzen du". Aralarko kideak gaineratu du Etxarri Aranazko osasun eskualdeko herritarrek zerbitzu ezberdinak jasoko lituzketela. Fernandez Garaialde Lazkano osasun arreta jarraitua nola antolatuko duten ikusteko zain dago. Parlamentariak gaineratu du: "Lehen Arreta nola antolatzen duten ikusi beharko da. Baina behar duena birmoldaketa da, ez murrizketak". Osasun sisteman Lehen Arretak "gakoa" izan behar duela nabarmendu du parlamentariak: "eskainitako zerbitzuen araberako aurrekontua behar du, eta ez alderantziz".