0-3 zikloan baldintza duinak exijituz

Guaixe 2012ko maiatzaren 3a

Nafarroako Gobernuak 0-3 urte arteko zikloa 2007an arautu zuen (eraikinak eta proiektu pedagogikoa) eta haur eskolei egokitzeko 5 urteko epea eman zien. Lakuntza eta Arbizuko Kattuka haur eskolako Izaskun Larrionek Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu zuenez, asko ez dira agindutakora egokitu eta orain foru administrazioak zikloa berriro arautzeko dekretu baten zirriborroa karrikaratzeko asmoa azaldu du. Lakuntza-Arbizuko Kattuka eta Altsasuko Txirinbulo udal haur eskolen izenean Larrionek salatu duenez, "zirriborroak haur eskolen egungo egoera okertu egiten du". Bi udal haur eskolek Nafarroako 0-3 plataformarekin bat egin eta dekretu zirriborroaren helburuak salatu dituzte. Nafarroako Gobernuaren asmoak ez onartzeaz gain, horiek "haur eskolen kalitatea suntsituko" dutela nabarmendu dute. Larrionen esanetan, Nafarroako Gobernuaren zirriborroa "espazioen inguruan, haurren ongizatean eragina zuzena duten eskakizunak gutxitzen ditu eta hezitzaile bakoitzari dagokion haur kopurua, ratioa, handitzen ditu". Zirriborroak edozein baldintza legezkotzat jotzen duela salatu dute udal haur eskolek. Aldi berean, 0 eta 3 urte arte umeen ongizatearen kontra eta haien garapen, sozial, afektibo eta neurologiko on baterako baldintzen aurka egiten duela salatu dute. EskaerakNafarroako Gobernuak haur eskoletako profesionalekiko azaldutako mesprezua eta lanaren ezjakintasuna salatu dute Kattukatik eta Txirinbulotik. Dekretua indarrean jartzeak sektorean "lanpostu galera masiboa" ekar lezakeela salatu dute ere. Horregatik, jaiotzatik hezkuntza duin baterako eskubide konstituzionala bermatu dadila eskatu dute. Horrekin batera, "0-3aren izaera hezitzailea behin betiko aitortua izan dadila" eskatu dute. Larrionek Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, zirriborroa bertan behera utzi eta 2 urteko luzapena eskatu du, egokitu ezin izan duten haur eskolak horretarako beta izan dezaten. Kontzentrazioak 0-3 zikloa duten Nafarroako herri guztietan deitu dira kontzentrazioak gaurko. Arbizuko plazan 16:00etan hasiko da elkarretaratzea, Altsasun, berriz, 16:30ean izanen da, Txirinbulo haur eskolaren parean. Honako leloa izanen dute elkarretaratzeek: Hezkuntza duinaren alde, zirriborroa ezabatu dezagun! Kalitatezko 0-3 zikloa! Bestalde, apirilaren 25ean Nafarroako Parlamentuaren aurrean kontzentrazioa egin zuten.