Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Askapenak deitu du protestaldia, maiatzaren 14 eta 15ean 64 urte beteko baitira Israelgo estatua sortu zela. Erakunde internazionalistarendako 1948ko maiatzean hasi zen "palestinarren suntsiketa sistematikoa". Geroztik Israelen izatea "palestinarren aurkako jazarpenean, bazterkerian eta arrazakerian oinarritu" dela nabarmendu dute Askapenako kideek. Eta ondorioak ere nabarmendu ditu: 6 milioi errefuxiatu, Gazako setioa, harresia, Jerusalengo palestinarren suntsiketa, koloniak eta beste. Israelgo estatuak duen jarrera aldarazteko presioa egiteko eta palestinarren eskubideen alde egiteko Israelen kontrako boikot, desinbertsio eta zigor kanpaina martxan jarri da nazioartean, "Hego Afrikako Apartheid erregimenaren kontra egin zen moduan", gogorarazi dute Askapenatik. Erakunde internazionalistak boikot kanpainaren alde egiteko eskatu die ibarreko udalei eta dagoeneko mozioa onartu dute Irurtzunek, Uharte Arakilek, Arruazuk, Arbizuk, Etxarri Aranatzek eta Altsasuk. Elkartasun eta boikot kanpainarekin ere bat egin dute gizarte mugimenduek (Bilgune Feminista, EHE, Eztanda Irratia, Sakanako Gazte Asanbladak...), sindkiatuek (ELA eta LAB), sakandarrek, musika taldeek (Arrebote, Tximeleta, Stupenda Jones, Vendetta, Hesian...) eta alderdiek (Altsasuko PSN, Ezker Batua, NaBai, Bildu...).