Bidasoako lehenengo etapa Rural Kutxarendako

Guaixe 2012ko maiatzaren 10a

Afizionatuen mailako Rural Kutxa talde sakandarrak hasiera ezin hobea eman dio Bidasoako Itzuliari: garaipenarekin. Irunen hasi zen etapa, beroa nagusi zela. Lasterketa arin joan zen eta Hendaiako helmugan erabaki zen irabazlea, esprint estuan. Rural Kutxako Carlos Jimenezek helmugarako 300 metroren faltan buruan kokatu zen eta lehena izan zen helmugan, liderraren maillota eskuratuz. Denbora berean sartu zen tropela. "Bidasoako Itzulian etapa irabaztea oso inportantea da txirrindulari batendako. Oso esprint luzea izan da, apenas kontrolik gabekoa" nabarmendu zuen Jimenezek, pozik. Bere taldearendako hitz ederrak izan zituen Jimenezek. "Talde hau ikaragarria da, nola lehiatzen duen, nola elkar ulertzen duten txirrindulariek, gauzak nola planifikatzen diren. Horregatik lortzen ditugu Bidasoa bezalako lasterketa inportantetan horren garaipen garrantzitsuak. Halako garaipen batek morala izugarri altxatzen du. Ea orain nola jarraitzen dugun eta maillota defendatzeko gai garen" gaineratu zuen txirrindulariak.