Sakanan zeharko ibilbide proposamena

Guaixe 2012ko maiatzaren 11

Altsasun hasiko da ibilbidea eta Kristo Deuna kaletik abiatuta mendi aldera joko dugu, basotik jarraitu beti ere Urdiaingo norabidean. Urdiaingo herrira iritsi baino lehen, ezkerretara joko dugu Iturmendira garamatzan bidetik. Ezkerretara harturik trenbide gainetik pasako gara eta Iturmendiko Pilareko ama baseliza ezkerretara utziko dugu. Berehala pista bat opatuko dugu eta Bakaikuko Guerra enpresan agertuko gara. Sagasti, Oporo eta Aritzalko dermioetatik Etxarri Aranatzera iritsiko gara. Hemen N-120 errepidea bilatuko dugu eta honek  Lizarrustiko mendaterantz eramango gaitu. N-7520 bidegurutzean Lizarragabengoarako norabidea hartuko dugu. Kontuz hemen, bidegurutzetik 500 metrora pista bat agertuko zaigu eta. Altxorroxpe, Zopular, Aizpil eta Sarria dermioak gaindituta Uharte Arakilera garamatzan bidegurutzera iritsiko gara. Hemen ezkerretara hartu eta San Miguel santutegira doan errepidea utziz, 400 metrora  agertuko zaigun bidexka hartuko dugu eta bide honek Arakil ibaiaren gainean dagoen zubi erromanikora eramango gaitu. Zubia gainditu gabe ezkerreko bidetik jarraituko dugu eta Irañetako Iturbururaino iritsiko gara. Iturburu hau Txapelazpì dermioan dago eta ikusiko dugun ura Uruntzur errekatik iristen da presaraino. Atzera egingo dugu bidetik, baina oraingo honetan aurretik ikusi dugun zubi erromanikoa zeharkatuko dugu Irañetarako bideruntz, irteerako punturik urrunena hori izango da. Itzulera Irañeta eta Uharte Arakil lotzen dituen errepidetik egingo dugu. Arruazura iritsiko gara eta pistatik Lakuntzaraino. Gurutze bat ikusiko dugu eta ezkerreko bidetik Arbizuraino itzuliko gara eta han bertan zik zak bat eginez Arbizuko San Juan baselizarako bidea hartuko dugu. Albadeako dermiora iritsita, poligonotik metro batzuk aurrera eginez Etxarri Aranatzerako bidea hartuko dugu. Etxarri Aranatz zeharkatu eta kanpinerako eta igerilekuetarako bidea hartuko dugu. Artasoro dermioan erromatar garaiko kaltzadaren arrastoak ikus daitezke. Pisten artean  Urdiaingo igerilekuetara iritsiko gara eta bidexken artean Altsasuraino itzuliko gara. www.clubciclistaburunda.com/btt_rutas.htm Sakanan barna egiteko ibilbide gehiago ezagutzeko aukera eskaintzen du.