Etxarri Aranatzek Nafarroako Laukako Sokatira Txapelketako jardunaldia hartu zuen igandean. Emakumezkoetan (260 kilo) lehen jardunaldia jokatu zen eta Nerea Lizarragak entrenatzen zuen Sakana taldea bikain aritu zen, Basaburua-Imotz eta Berriozarren aurretik gailenduz eta 3 puntu eskuratuz. Txapelketari hasiera bikaina eman diote gureek. Aldiz, bigarren jardunaldia zuten kadeteen mailan (290 kilo) aritu ziren lau talde mistoek, tartean Andra Marik. Nerea Lizarraga entrenatzailearen begiradapean, Andra Mari ikastolako Aritz Gabirondo, Asier Estarriaga eta Iñigo Galarza mutilak eta Amaiur Lakuntza neska aritu ziren tiraka. Lehen jardunaldian bigarren postuan sailkatu ziren eta igandean hirugarren postuan, puntu eta erdi lortuta. Egun sailkapenean hirugarrenak dira, aurrean Berriozargo B.K.E. eta Txantrea dituztela eta atzean Berriozar. "Konplikatua da gauza, baina lor daiteke" adierazi zuen Amaiur Lakuntzak. Oraindik bi jardunaldi dituzte txapelketa bukatzeko. Bestalde, aipatzekoa da gizonezkoen txapelketan (320 kilo), Amaiur txapelduna izan zela, Ibardinen eta Basaburua-Imotzen aurretik. Hurrengo jardunaldia larunbatean jokatuko da, 18:00etan, Amaiurren.