Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udalak egindako ikerketak halaxe ondorioztatu du. Eraikinaren jabetza norena den zehaztuta, hura tasatu eta Jabetzaren Erregistroan izena eman beharko da. Izan ere, orain arte katastroan jasoa zegoen guardetxearen %50,01 Nafarroako Foru Erkidegoaena zela eta gainontzeko %49,99 Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuak iazko garilean katastroa aldatzea eskatu zuen, argudiatuz eraikina ez zela berea. Horrek jabetza norena zen ikertzera eraman zuen Altsasuko Udala. Guardetxea1957an Urdalurko baso-errepidea eraiki, mantendu eta administratzeko Udalen arteko Mankomunitate Handia sortu zen. Erakunde horretan Gipuzkoako Segura, Zegama, Idiazabal eta Zerain herriak, Arabako Asparrena eta Donemiliaga eta Nafarroako Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiak osatu zuten. Erakundearen estatutuetan jaso zen etxe bat jasotzea, errepidea zainduko zuen zaintzailearendako etxea eta mankomunitatearen egoitza izanen zirenak. Etxea eraiki, mantendu eta basozainaren ordainketa Giupzkoa eta Arabako parzoneriak, Olatzagutiak eta Ziordiak eginen zutela, bakoitzak heren bat. 1972ko maiatzean Mankomunitate Handiak etxearen erabilera 20 urterako aita salestarrei eta ASIS (Asociaciones de Servicios de Iniciativa Social) mugimenduko kideei eman zien. Gizarte eta prestakuntza erabilera eman zioten eraikinari. Baina haiek utzi ondoren, hutsik gelditu zen eraikina. Azken urteetan, aldi ezberdinetan, guardetxea edo fraideen etxea, okupatuta egon da.