Sakandarren ekarpenekin osatu nahi du Mank-ek bere Plan Estrategikoa

Guaixe 2012ko maiatzaren 16a

9 arlotan egin daitezke ekarpenak eta 2012-2015 aldirako izanen dira. Mank-ek garagarrila akaberan onartu nahi luke planaAurreko planean zehaztutakoa zein neurrian bete den aztertu eta balantzea egin ondoren, Sakanako Mankomunitateak hurrengo 4 urteetan izanen dituen lan ildoak eta egin beharrekoak zehazten hasi da. Diagnosi berri hori osatzeko mankomunitate bereko langileak, kide dituen udalak eta haietako langileak, gizarte eragile eta sakandarren ekarpenak jaso nahi ditu.Plan Estrategikoaren bidez, Sakanako Mankomunitateak hainbat planifikatuko ditu, eskaintzen duen zerbitzua gero eta hobea izan dadin. Diagnosi berria egiteko hainbat gutun bidali ditu Sakanako Mankomunitateak berak eta bere web orrian edozeinek ekarpenak, proposamenak, iradokizunak eta iruzkinak egiteko bidea jarriko du aurki. Behar izanez gero orain arte sortutako material guztia interesatuen esku uzteko prest azaldu da Sakanako Mankomunitatea. Harremanetarako 948464867 telefonora hots egin. Galderak edo ekarpenak info@sakana-mank.com posta elektronikora bidali.ZerbitzuakUraren ziklo integrala. Goi horniduraz gain, behe hornidura eskaini nahi die hala erabakitzen duten udalei. Bestalde, Urdalur eta Irurtzun arteko goi hornidura sistema osatu nahi du. Hondakinak. Birziklatze emaitzak nabarmen hobetzeko aurreikusi dira: atez ateko bilketa; etxeetan konposta egitea; konposta egiteko planta jasotzea hondakindegian eta konposta egiten dutenei hobariak eskaintzea. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak. Egungo 3 mankomunitateak batu eta elkartzea. Tokian tokiko garapena. Helburu nagusia da Sakanako Garapen Agentzia sortzea, besteak beste, eskualdeko ekonomia-ehuna suspertzeko helburuarekin. Euskara Zerbitzua. Mankomunitatea osatzen duten toki erakundeetan eta, oro har, ibar osoan euskara normalizatzeko prozesuan urratsak egitea. Mankomunitatearen helburua da Sakanan erreferentzia-erakundea izatea euskararen normalizazioan. Kirola. Sakanako kirol agenteak eta udalak bildu nahi ditu guztien beharrak asetzen dituen eta parte-hartzea barneratuago duen kirol programa bat egiteko, herrien osagarri izanen dena.Immigrazioa. Sakanan jaio eta bizi garenon jatorriaren aniztasuna aitortzeko ekimenak, guneak eta baliabideak bultzatzea du helburu. Zeharkako ikuspegi integrala erabiliko du horretarako. Etxeak zaharberritzeko bulegoa. Etxeek behar dituzten mantentze-lanak ziurtatzea da helburua, eta zerbitzuaren prestazioak hiri-aholkularitzara zabaltzeko aukera aztertuko da.Kudeaketa sistema. ISO 9001, ISO 16.001 eta OHSAS 14.001 arauen araberako kudeaketa sistema integratuari eusteko apustua eta kudeaketan EFQM eredu europarra aplikatzen jarraituko du.