Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Murrizketak bertan behera utzi arte protestei eutsiko dietela iragarri dute unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzako sindikatuek (ELAk, LABek, CCOOk, EILASek, UGTk, ANPEk, CSIFek eta AFAPNAk). Horrekin batera, "etenik gabeko mobilizaziora" hots egin dituzte ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta gizarte osoa. Sindikatuek gaurko eta hilaren 29 eta 31rako iragarri dituzte greba egunak irakaskuntzan. Gainera, 2012-2013ko ikasturtearen hasierara bitarteko protesta egutegia prestatu dute. Bestalde, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak mugagabeko grebara deitu du atzotik. Elkarteko kideek uste dute Hezkuntza Departamentuaren "inposizioei erantzun sendoa" eman behar dietela irakasleek. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, Hezkuntza Departamentuak gelako ikasle kopurua igo nahi du Lehen Hezkuntzan eta DBHn. Irakasleek ordu gehiago sartzea nahi du. Horrek guztiak 500 irakasle lanpostu galtzea ekar lezakeela salatu dute sindikatuek. "Neurriok larriki kaltetzen dute hezkuntza sistemaren baldintzak eta 70.000 ikasle ingururen oraina eta etorkizuna arriskuan jartzen dute". Ikasturte honen hasieran 80 milioi euroko murrizketek 200 irakasle postu baino gehiago galtzea ekarri zutela ere gogora ekarri dute sindikatuek. Hezkuntza Departamentuaren neurriek 30 urte atzera egitea ekarriko dutela salatu dute sindikatuek.