Iskizakoak, podiumetik podiumera

Guaixe 2012ko maiatzaren 17a

Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko taldea txapelketaz txapelketa dabil. Martxoan eta apirilean bakarkako hainbat txapelketa eta torneotan aritu dira Iskizako gimnastak, Estatuko Bakarkako Txapelketarako prestatzeko asmoz. Nafarroako Txapelketako emaitzak primerakoak izan ziren. Kimuen A mailan uztaiekin aritu ziren, eta Ainhoa Lizarragak zilarrezko domina kolkoratu zuen. Kimuen B mailan, uztaiekin, Getari Solozabal bigarrena sailkatu zen. Haurren A mailan Iskizako bi gimnasta igo ziren podiumera: Igone Augusto bigarrena sailkatu zen eta Alaitz Solozabal hirugarrena. Eta kadete A mailan Olaia Granizok zilarra kolkoratu zuen zintarekin egin zuen ariketari esker. Espainiako Bakarkako Txapelketan ongiApirilaren 19tik 22ra jokatu zen Espainiako Bakarkako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa, Benidormen. Iskiza-Sakanako 11 gimnasta sailkatu ziren bertan aritzeko. Kimuen mailan Ainhoa Lizarraga, Eider Goikoetxea, Eneritz Regil, Irati Begiristain eta Leire Zubikoa; haurren mailan Igone Augusto, Alaitz Solozabal eta Ainhoa Imaz; eta kadete mailan Olaia Agirre, Olaia Granizo eta Cristina Nuncio. Guztira Estatu osoko 800 gimnasta aritu ziren, 200 gimnasta maila bakoitzeko. Maila altua zegoela adierazi dute Iskizako entrenatzaileek, eta Iskizako ordezkaritza bikain aritu zela. "Guztiak orokorrean primeran aritu ziren. Eta, inportanteena, bidaian oso ongi pasatu genuen" adierazi dute.Kadete mailako Cristina Nunciok lortu zuen emaitza onena. 92. postuan sailkatu zen sakandarra. Haurren mailako Alaitz Solozabal tapiz gainean 110.a izan zen. Eta kimuetan Ainhoa Lizarraga 127.a izan zen. Eider Goikoetxea ere primeran aritu zen. Zorionak guztiei.