Urrezko Maialen

Guaixe 2012ko maiatzaren 17a

Azken bi asteburuetan Nafarroako pistako eta zirkuituko irristaketa txapelketak jokatu dira, Espainiako Txapelketetarako sailkagarriak zirenak. Sakanatik ordezkaritza polita aritu da eta aipatu behar da sekulako lana egin dutela irristalariek, Espainiako Txapelketetarako sailkatuz. Errekorra ezarri duNabarmentzekoa da asteburuan Maialen Unanuak (Urdiaingo Aitziber, jubenila) egindako lana. Urrezko bi domina kolkoratu zituen urdiaindarrak 300 metroko erlojuz kontrakoan, bai Lagunak eta Amayako pistetan jokatutako pista txapelketan eta baita Antoniuttiko zirkuituan jokatutako zirkuituko txapelketan ere. "Errekorra gainditu zuen Maialenek, 300 metroak 21,547 segundotan eginez eta 33,415 k/o abiaduran. Iruñeko 5 talde kanporatu zituen eta berak lortu du Espainiako Txapelketetan aritzea. Meritu handia du" azaldu digu Urdiain, Altsasu eta Olaztiko irristaketa taldeko entrenatzaile Juli Acebesek. Acebesek gainontzeko irristalariek egindako lana ere goraipatu du. Irantzu Imaz jubenilak (Olaztiko Sutegi) zilarrezko domina jaso zuen 300 metroko erlojuz kontrakoan, Unanuaren atzetik sartu eta gero. Eta Gaizka Ocañak (Aitziber, jubenila) 5.000 metroko kanporaketan zilarrezko domina jantzi du eta brontzezkoa izan zen pistako 300 metroko erlojuz kontrakoan. Cristina Aldeano (Altsasuko taldea, juniorra) bigarrena izan da zirkuituko erlojupekoan, eta Ines Moreno (Altsasuko taldea, haurra) hirugarrena zirkuituko 500 metrotan. Guztiek Espainiako Txapelketan egotea lortu dute, Maider Agirre eta Sarabe Arakama (Aitziber, jubenilak) irristalariak bezalaxe. "Aurten oso emaitza onak lortzen ari gara. Nafarroako txapelketetan aurkeztutako 15 irristalarietatik 13k lortu dute sailkatzea. Oso kontentu gaude" gaineratu du Acebesek. DatorrenaAsteburu honetan Espainiako Pistako Irristaketa Kopa jokatuko da Txantean, kimuen eta haurren mailan. Sakanako taldeetatik sei irristalari ariko dira. Eta hurrengo asteburuan Espainiako Zirkuituko Txapelketako finalak erabakiko dira Bartzelonan, haurren eta jubenilen mailan.