Tartalariak kargua ukatu eta ez zuten deklaratu

Guaixe 2012ko maiatzaren 18a

Atzokoan Abiadura Handiko Trenaren kontrako Mugitu! Mugimenduko bi kide gaur eguerdian Iruñeko Auzitegian izan ziren. Nafarroako presidente Yolanda Barcina Angulori Tolosan tartak bota izanaren kontura zabaldutako auziko prozesamendu autoa irakurri zieten. Autoritatearen aurkako atentatu larria egozten diete eta zigorrak 4 eta 10 urte bitartean izan daitezke. Mugituko! Mugimenduko kideak egozten zaizkien karguak ukatu eta ez zuten deklaratu nahi izan. Auzipetuen artean Gorka Ovejero Ganboa dago eta harendako 10 urteko espetxe zigorra eskatu dute, atentatu larria egiteaz gain horretarako kargu publikoaz baliatzea leporatu diotelako.Gonzalo Boye, tartalarien abokatuak, ez deklaratzea eta inputazioak ez onartzearen arrazoia azaldu zuen: "gertaerak Frantziako lurraldean izan zirela eta hiritartasun frantsesa duten okzitaniarrak ez zirela deklaratzera deituak izan eta haiei inolako kargurik egotzi ez dietela" oinarritzen dela. Era berean, Toulousen okzitaniarrak bakarrik izan dira deituak poliziaren aurrean deklaratzera ez hala, tartalariak. Garbi gelditzen da beraz, "mendeku politiko baten aurrean gaudela eta ez prozedura judizial serio batean". Gonzalo Boyek nabarmendu zuen, prozesu honen guzian eginiko ikerketak Foruzaingoak egin dituela, Frantziako lurraldean aritzeko eskumenik ez duena, eta gainera, bere arduradun nagusiena Nafar Gobernuko Lehendakaria da. Hau da, salatzailea bera. Beraz, salatzailea eta ikertzailea pertsona bera dira. "Hau nepotismoa ez bada, zertaz ari gara?". Gonzaloren iduriko, "gai hau Nafarroako Parlamentuan ikertua izan beharko litzateke, edo eztabaidatua gutxienik".