Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru Mugak Batera plataformatik azaldu digutenez, Nafarroako Gobernuak Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorial bat onartzea "beste gehiegikeria bat" da: "udalak 1998tik hondakinak erretzea debekatzen duen ordenantza indarrik gabe utzi eta saihesteko jarduera interes publikotzat joko dute". Errausketaren kontrako plataformako kideek adierazi digutenez, "benetako arrisku baten aurrean gaude. Olatzagutiko porlandegia Nafarroako, eta toki askoz gehiagoko, erraustegia bihurtuko da". Atzera ere, gogora ekarri dute lantegia CPV taldekoa dela eta azken hori FCC multinazionalaren esku dagoela, zabor kudeaketarako adar sendoa duena. Hiru Mugak Baterako kideek esan digutenez, negozioa besterik ez dute begiratzen, osasunari ez". Nafarroako Gobernuko lehendakari-orde Roberto Jimenezi sinesgarritasunik ez izatea eta Nafarroan ez zela erraustuko esanez herritarrak nahastea leporatu diote. Aldi berean, plataformako kideek nabarmendu dute hondakinak kudeatzeko enpresa publiko batek kudeaketa egitea eta udalez gaindiko plana administraziotik egitea dela logikoena. "Baina hemen enpresa ari da plana prestatzen". Plataformako kideek, azkenik salatu nahi izan dute hondakinak erretzeak haiek tratatzeko bestelako sistemen kontra egiten duela: "erretzen den tokietan gutxiago birziklatzen da, negozioa mantendu behar delako".