Bukatu da liga erregional mailan

Guaixe 2012ko maiatzaren 22a

Asteburuan despeditu da erregional mailako denboraldia. Aurreko astean nahasi ginen eta liga bukatu zela adierazi genuen, baina okerrak zuzenduz, asteburuko azken jardunaldiarekin despeditu da dena. Etxarrik oso partida korapilotsua jokatu zuen Iruñean, Amigó taldearen kontra. Iruindarrek bigarren postua zuten jokoan, igoera postua jokatzea ahalbideratuko ziena, eta garaipena lortzera atera ziren. Golak bata bestearen atzetik sartu ziren Etxarriko atean. Arbitroaren erabakiak oso kritikatuak izan ziren, erabaki gehienek Amigóri mesede egiten ziotelako. Horrela, giroa nahastu zen erabat, eta arbitroak bost jokalari etxarriar aldageletara bidali zituen. Gauzak ez ziren hobe joan Altsasu aldean. Dantzalekun jokatutako partidan Altsasu eta San Ignazio pareko aritu ziren lehen aldean. Bigarren zatian San Ignaziok gola sartu eta Altsasuk ez zuen behar bezala erantzuten jakin. Hiru aldiz aurreratu ziren Iruñekoak eta bukaeran Altsasuk gol bat sartu zuen. 1-3rekin despeditu zuten denboraldia altsasuarrek eta talde barruan giro nahiko nahasia dutela. Erregional mailako laugarren multzoko liderra Beti Onak taldea da, 84 punturekin. Etxarri Aranatz 7.a sailkatu da, 47 punturekin eta Altsasu 12.a, 35 punturekin. Aurki erregional mailako kopa hasiko da baina Altsasu eta Etxarri ez dira ariko.