Aralar porlandegia Nafarroako errauskailua bihurtzearen kontra

Guaixe 2012ko maiatzaren 21a

Aralarreko NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek kezkaz hartu zituen lehendakari-ordearen adierazpenak. Aralarko kideak "ustegabean" hartu zituen Roberto Jimenezen hitzak, bere departamentua baita hiri hondakinak kudeatzeko plangintza eta errauskailurako plangintza egin behar duelako:"behin eta berriro entzun dugu Roberto Jimenez parlamentuan eta parlamentutik kanpo Nafarroan ez zela errausketarik egongo esanez, garatuago eta gutxiago kutsatzen duten aukerak bilatzen ari zirela".Txentxo Jimenezek esan duenez, "akats larria izanen litzateke orain arte porlandegiak  eskatzen zuena, erregaiaren zati bat aldatzea alegia, porlan ekoizlearen errentagarritasuna hobetzeko eta errausketa erabiliz Nafarroako hondakin kudeaketa eta ezabatzeko enpresa bihurtzea". Aralarko kideak azaldu duenez, porlandegiak erregaia aldatu nahi badu "NaBai beti egon da proposamen logikoak eztabaidatzeko eta adosteko prest. Baina tinko jarriko gara Portlandek Olatzagutiko lantegia Nafarroako Hondakin Planak aurreikusten duen Nafarroako zarama eta hondakinen errauskailua bihurtzearen kontra."