Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru Mugak Batera plataformak deituta atzokoan 70 bat pertsonak batzar irekia egin zuten. Roberto Jimenezen iragarpenetik 4 ondorio atera zituzten batzartuek. Aurrena, errausketa egitasmoa udalez gaindiko plan sektorial bidez tramitatzea udal autonomiaren kontrako gehiegikeria dela. Horretaz gain, batzartuek nabarmendu zuten erabakiak Europako erakundeen gomendioak baztertu egiten dituztela. Izan ere, Europako erakundeek osasunari dagozkion gaietan herritarren parte hartzea sustatzeko eskatzen dutela nabarmendu dute plataformatik. "Parte hartzea lapurtu nahi digute". Udalez gaindiko plan bidez jarduera bideratzea "inposizioa da, argi eta garbi". Eta erabakia "faxismoaren itzulera" dela ere nabarmendu zen batzarrean. Errausketaren kontrako plataforma aurrera begira mobilizazio berriak egiteko aukera aztertzen ari da. Porlandegian hondakinak errausteko egitasmoaren kontra udalak inplikatu nahi dituzte. Herritarrei ere inplikazio deia egin diete, "osasunaren kontrako arazo hau geldiarazi daiteke gizartea kontra badago". Plataformatik berretsi dute hondakinen errausketa negozio linea gabe Olatzagutiko porlandegia errentagarria dela. "2001ean udal ordenantzan oinarrituta haragi irinak ez erretzea lortu zen. Haiek diotenez, ordurako Lemoan hondakinak erretzen ari ziren. Garai hartan inork ez zuen lehiakortasun hitzik aipatu". Plataformako kideek berretsi dute enpresak nahi duen bakarra hondakin kudeatzaile izatea eta negozio linea berria zabaltzea dela. Bestalde, gogora ekarri dute Saguntoko Udalak, aho batez, hango porlandegian erraustearen kontra azaldu dela. Baita alderdi sozialistako hainbat erkidegotako batzarrak ere.