Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranatz, Altsasu eta Ziordiko NaBaiko 11 zinegotzietatik 10ek sinatu dute Industria Departamentuan aurkeztutako alegazioa (Asun Fernandez Garaialde Lazkanok salbu). NaBaiko 10 zinegotziek eskatu dute zorrotz egiaztatu dadila porlandegian jarri nahi den jardueraren eraginak gaur egungoa baino ondorio kaltegarriagorik ez duela ingurumenean eta osasun publikoan, "izatekotan, txikiagoak". Batean eta bestean egitasmoaren aldeko eta kontrako argudioak entzuten dituztela eta, NaBaiko 10 zinegotzi horien iritziz, "objektibitatetik, administrazioko profesionalei dagokie bi gai argitzea: lehena, porlana egiteko egungo erregaia aldez aurretik tratatutako hondakinengatik aldatzea da azken helburua?; eta, bigarrena, zein dira egungoarekin alderatuta, zein dira jarduera horren benetako efektuak?". Horregatik, koalizioko 10 hautetsiek eskatu dute, Ingurumen Departamentuaren ebazpenean nahiko berma dadila helburua dela "erregai fosila ordezkatzea eta egungo jarduera mantentzea, ez beste bat". Aldi berean, NaBaiko kideek eskatu dute ingurumen ebaluazio prozeduran argi eta garbi gelditu dadila garatuko den jarduerak legea zehatz-mehatz betetzen duela, "zorroztasun osoz aplikatuz eta hori bermatuko duen zaintza programa osoa". Porlandegiaren egitasmoa behar bezala baloratzeko, NaBaiko 10 zinegotziek gai horiek argitzea ezin besteko jo dituzte, "kontuan izanik eskualdeko enpleguaren eta sozio-ekonomiaren egoera delikatua".