Atzo Promozioko Buruz Buruko txapelketaren lehen final erdia jokatu zen Tolosako Beotibarren. Jon Jaunarena leitzarra eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarra aritu ziren lehian finaleko txartela lortzeko. Eta nola lehiatu ziren, gainera. Akats potoloak jokaldi ikusgarriekin txandakatu zituzten, eta emozioa pil-pilean egon zen partida guztian barna. Hasieran Etxarrengo atzelaria izan zen markagailuan aurreratu zena, 3-9 eta 4-11ko abantaila izatera arte, bere sake bikaina eta duen kolpe bikainari esker. Horren isla, sakez zortzi tanto egin zituen etxarrendarrak eta pilotakada luzeetako tantoetan berak dominatu zuen. Baina berriki Promozioko Binakako Txapelduna izan den Jaunarena aurrelariak egoerari buelta eman zion, sekulako erremontada eginez, sakez tantoak lortuz eta aurreko koadroetan nagusituz. Horrela, 21era berdindu zuten eta azkenean Jaunarenaren dejada batek erabaki zuen lehia, leitzarraren alde. Penaz finalari agur esan behar izan dio Jose Javier Zabaletak. Alvaro Untoriak eta Joseba Ezkurdiak igandean jokatu beharreko finalerdiak erabakiko du nor izango den Promozioko Buruz Buruko beste finalista, final handian Jaunarenaren kontra ariko dena. Dena den, aipatu partida oraindik airean dago, arbizuarrak eskuin orkatila bihurritu zuelako eta osatze bidean dagoelako.