Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bukatu da Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketa, igandean Betelun jokatutako hirugarren eta azken jardunaldiarekin. Izenak dioen bezala, lau tiralariz osatutako taldeak aritu dira lehian. Emakumezkoen txapelketan (260 kilo) ez zen sorpresarik egon eta Sakanak jantzi zuen txapela (9 puntu), tiraldi guztiak irabazi eta gero. Nerea Lizarraga entrenatzailearen esanetan, Naiara Mundiñano, Jaione Ganboa, Arantza Serrano eta Garazi Retegi aritu ziren tiraka. Berriki Sakanako taldeko kide egin den Nerea idiazabaldarra laguntzaile lanetan aritu ziren. Bestalde, Basaburua-Imotzeko neskak txapeldunordeak izan dira (5,5 puntu) eta Berriozarrekoak hirugarrenak (3,5 puntu). Bestalde, kadeteen txapelketan (290 kilo), Andra Mari hirugarren postuarekin konformatu behar izan da (8 puntu). Azken jardunaldian Aritz Gabirondo, Iñigo Galarza, Gari Satrustegi eta Oihan Karasatorre aritu ziren, baina Asier Estarriaga eta Amaiur Lakuntza ere aritu izan dira. Berriozarko BKE izan da txapelduna (14,5 puntu), Txantrea bigarrena (13 puntu) eta Berriozar laugarrena (4,5 puntu).