Nafarroako Itzuliak Sakana zeharkatuko du gaur

Guaixe 2012ko maiatzaren 30a

Union Ciclista Navarrak antolatutako afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia inoiz baino sakandarragoa izanen da. Gaur abiatuko da proba, Plazaola poligonoan dagoen Lizarte industrietatik arratsaldeko hiruretan hasita, San Adrianera joateko (142 km). Berehala Aizkorben sartu, 15:18 inguruan eta Sakana guztia zeharkatuko dute, Irurtzundik hasita Altsasuraino, Altsasun Altamirako portua 16:15ean hartu eta Urbasako portua igotzeko. Hortik Lizarraldeko bidea hartu eta San Adrianeraino eginen dute. Hortaz, eta eguraldi paregabea aprobetxatuta, aukera ederra da Urbasaraino gerturatzea, txirrindulariak gertutik animatzeko. Rural Kutxaren helburuakGuztira 157 txirrindulari ariko dira, 16 taldetan banatuta. Tartean izango dugu Rural Kutxa. Talde sakandarrak dena emango du etxean garaipenak lortzeko. Taldeko zuzendari Jaime Garzonek adierazi duenez, talde berdearen helburua "garaipenen bat lortzea eta lehen bost postuen artean sailkatzea" litzateke. Garzonek Azysa eta Mopesa jotzen ditu talde faboritoak. Izan ere, Rural Kutxaz gain Azysa-Telco,m, Reyno de Navarra-Conor, Lizarte, Cafes Baqué, Naturgas Energia, Seguros Bilbao, Bidelan-Kirolgi, Debabarrena, KTM-Murcia, Extremadura-Spiuk, Mopesa, Supermercados Froiz, Andalucía, Gsport Valencia Terra I Mar eta Belgikako Lotto-Belisol-Davo ariko dira. Lehia bizia espero da. EtapakAsteazkena: Lizarte - San Adrian (142 km). Portuak: Urbasa, Olejua eta Andosilla. Osteguna: San Adrian - Pitillas (142 km). Portuak: Castellana, Masadas, La Blanca. Ostirala: Pitillas - Izpegi gaina (144 km). Portuak: Erro, Artesiaga, Izpegi (1.maila).Larunbata: Lesaka - Aralarko San Migel (132 km). Portuak: Ziga, Saldias, Gorostieta eta San Migel (1.maila). Igandea: Xabier - Iruñea (130 km). Portuak: AIbar, Loiti, Girgillano eta Etxauri.