Azysa-Telco,m taldearen ordagoa Nafarroako Itzulian

Guaixe 2012ko maiatzaren 31

Atzo abiatu zen afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia. Lizarte industrietan hasi zen etapa, Añezkar norabidean, eta bertatik aurre eginez, Aizkorbetik sartu zen Sakanara. Sakana guztia zeharkatu zuen tropelak, eta Altsasu pasata Altamirako portua hartu zuten, Urbasa igotzeko. Lizarraldeko bidea hartu zuten segidan. Ordura arte lasterketa nahiko lasai zioan. Bat batean, Azysa-Telco,m taldeko Ignazio Perez argentinarrak ezustekoa jo zuen eta helmugarako 50 km-ren faltan, Olejua eta Andosillako gainen artean, erasoa jo zuen. Bakarrik egin zuen aurrera eta denok uste zuten ahalegin alperra izango zela. Baina atzean, tropelean, taldeen artean ez zen adostasunik egon eta inork ez zuen tiratzeko ardura hartu. Akaso Perezen taldekide Arkaitz Duran Nafarroako Itzulia irabazteko faboritoetako bat delako eta bera ez zelako mugitu. Horrela, San Adriango helmugara bakarrik iritsi zen Ignazio Perez (3:34:39). Minutu bat eta 8 segundora sartu zen tropel nagusia, Lotto talde holandarreko Wippert Wouter buru zela. Rural Kutxako Fernando Grijalba eta Ramon Domene bosgarrena eta seigarrena izan ziren, denbora berean. Gaur bigarren etapa jokatuko da, San Adrian eta Pitillasen artean, arratsaldeko hiruretan abiatuko dena. Hiru gain pasa beharko dituzte: 3. Mailako Castellana gaina, 3. Mailako Masadas gaina eta 2. Mailako La Blanca gaina, helmugatik 30 km-ra.