6 arrazoi hezkuntza murrizketen kontra egiteko

Guaixe 2012ko maiatzaren 28a

Sakanako Eskola Publikoetako klaustroak, Guraso Elkarteak eta Eskola Kontseiluak bat datoz hezkuntzako murrizketak salatzeko garaian. Proposatutako neurrien kontrako dozena erdi arrazoi jakinarazi dizkiote Hezkuntza Departamentuari eta salatu dute informazio eta zehaztasun falta izan dutela, "jaso dugun informazio gehiena komunikabideen bidezkoa izan baita".Ibarreko hezkuntza publikoko komunitatearendako ikasgeletan ikasle gehiago egoteak "hezkuntza kalitatea gutxitzea ekarriko du, eta ondorioz ikasleekiko arreta pertsonalizatua desagertuko da".  Aldi berean, hezkuntza komunitatetik azaldu dute irakasleek ordu gehiago emateak (23tik 25era) "prestakuntzarako orduak hala nola familiekin bilerak, koordinazio saioak, bikoizketak... guztia murriztuko du, eta hezkuntza kalitatea gutxitu".Hezkuntza Departamentuaren aurrean aldi berean salatu dute, zenbait ikastetxetan pedagogia terapeutikoa eta logopedia orduak igo arren, laguntza irakasleak desagertu eta irakasleria arruntari bi saio igotzean, behar bereziak dituzten ikasleak irakasle arruntek atendituko dituztela eta ez irakasle espezializatuek. Bestalde Sakanako hezkuntza publikoko komunitateak aurreikusi du irakasle gabeko klaseak zaintzeko ez dela izanen irakasle nahikorik.  Aldi berean, hezkuntza komunitateko kideak kezkatuta agertu dira ikastetxeei urtero ematen zaien diru kopurua %20-30 inguru jaitsi delako. "Baliabide urritasunak ikasketa prozesuan eraginen du", ziurtatu dute. Azkenik, irakasleen lanaren "prekarizazioa" salatu dute "interinoen kaleratze ezkutuak, irakasleriaren prestakuntza saioen desagertzea, prestakuntza aukeraren murrizketa (dagoena pribatizatuz)".