Txioka haur ikastolak Kalitate Egitasmo Integratuko ziurtagiria jaso du

Guaixe 2012ko maiatzaren 31

Laugarren ikasturtea du honakoa Txioka haur eskolak eta ostiralean Kalitate Egitasmo Integratuko (KEI) ziurtagiria eskuratu zuen. KEIren ebaluazioa gainditu duen haur hezkuntzako lehen zikloko aurreneko ikastetxea da Txioka. 17 ikastola ari dira KEIrenarabera lanean eta haietatik 3k dute ziurtagiria. Hego Amerikan eta Espainian 100 ikastetxetik gora daude kalitate eredu horrekin lanean. HizlariakManu Navarro, Iñigo Aritza ikastolako lehendakariak, Txiokak lortutako ziurtagiria 3 urte lehenago "basoko" ikastolak lortu zuela ekarri zuen gogora. Navarrok irakasleak zoriondu zituen: "zuek zarete gure proiektuari hitza eta zentzua jartzen diozuenak. Mila esker zuen lanagatik". Aldi berean, gurasoei zuzenduta Navarrok Txiokako atarira arte oinez joateko aholkua eman zien, autoa urrun apartkatuta.  Txiokako zuzendari Jone Aretak azaldu zuenez,"sorreratik KEI ereduaren arabera lanean hasi ginen, gure eguneroko lana kudeatu eta hobetzeko eredu paregabea iruditzen zaigulako". Aretak azaldu zuenez, horren emaitza dira hausnarketaren bidez lana hobetzea eta langileen arteko kohesioa lortzea. Familiek inplikazioa handiagoa izatea espero zuela ere gaineratu zuen. Prozesuan Mikel Agirrek eta Esther Garaialdek emandako laguntza eskertu zuen Jonek. Ziurtagiria Txiokako langileei esker lortu zel ere nabarmendu zuen. Ziurtatu zuenez, etengabeko hausnarketan ari dira hobekuntza proposamenak bilatzeko asmoz. Nafarroako ikastolen izenean Izaskun Arratibelek Txioka osatzen duten guztiak zoriondu zituen. Ziurtagiria "lana bikaintasunez egiten ari zaretenaren adierazle da".  Nafarroako ikastolak kalitatearen aldeko apustu garbia egiten ari direla azaldu zuen hainbat datu emanez. Imanol Igeregi Ikastolen Europar Kooperatibako zuzendariak Txioka zoriondu zuen. Kalitatearen alde egindako apustuak emaitzak ematen dituela ikusita pozik azaldu zuen. Arlo horretan aholkulari lanetan aritu den Juanjo Gomez ere zoriondu zuen. Hitza hartzen azkena, Garazi Urrestarazu alkatea eta ikastolako ikasle ohia izan zen. Ikastolako hezkuntza komunitate guziari eskerrak eman zien, lana eta esfortzuaren fruituagatik. Aurrera segitzeko animatu zituen. Ekitaldian Urdalur bikotearen eta Josetxo Lumbrerasen doinuak, Oihane Anduezaren koreografia eta argazki proiekzioa tartekatu ziren.