Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Manuela Terrados eta Migel Angel Solis zinegotziei falta larria egiteagatik alderditik kaleratzeko espedientea zabaldu die PSNk. Bi zinegotziek Hiru Mugak Batera plataformaren aldeko mozio baten alde egin zuten. Gainera, udalak Auzitegi Gorenean porlandegiaren asmoen kontra jarritako helegitea kentzeko Juan Galartza udal bozeramaile sozialistak aurkeztutako mozioaren urgentziazko tramitazioa ez zuten babestu. Alderdi sozialistako antolakuntza idazkari Santos Cerdanek jakinarazi du astelehenean aztertuko dutela espedientea alderdiaren Batzorde Exekutibo Erregionalean. PSNk porlandegiak balioztatzearen alde egindako apustuaren aldeko jarrera berretsi du. Atzo, bertan, Altsasuko alderdi sozialistako kide Juan Migel Perez Hurtadok jakinarazi zigun Altsasuko talde sozialista ere porlandegian hondakinak erretzearen kontra dagoela. Horregatik, herenegungo plenoan Javier Donlo zinegotziak Hiru Mugak Batera plataformaren mozioa babestu zuen. UPNn ereOrain alderdi sozialistan gertatutakoaren antzeko egoera aurretik UPNn eman da. Altsasuko zinegotzi erregionalistak, Javier Cerdanek, iazkoan porlandegian hondakinak erretzearen kontrako boza eman zuen. UPNk Cerdani alderdian baja emateko tramiteak hasi zituen iazko garilean. Herenegun zinegotzi erregionalista ez zen udal bilkuran izan.